Ahotsenea, zure belarriak gozatzeko prest!
Geroz eta gertuago dago Durangoko Azoka; Ahotsenean, egunero 14 kontzertu eta 12 solasaldi egongo dira.
Urte berezia izango da aurtengoa Ahotsenean; sortzaileen guneak 10. urteurrena ospatuko du, eta lehenengo aldiz Durangotik kanpo bira egin ostean, eskaintza oparoarekin helduko da Durangoko Azokara.
Beti bezela, Ahotsenean aurtengo disko eta liburuen aurkezpenak egingo dituzte. Zuzenekoen karpa iazko leku bereran egongo da (Landako alboko lorategian), eta 70 musikarik eta musika taldek aurkeztuko dute euren lana kontzertu formatuan. Solasaldien gunean (Landako barruan), 50 sortzaile baino gehiago arituko dira, hainbat formatutan: solasaldiak, mahai-inguruak, errezitaldiak, emanaldi akustikoak...
Kanpoko karpan 14 kontzertu egongo dira egunero, eszenatoki bietan. Eta urtero legez, eskaintza anitza egongo da. Ibilbide luzeko musikariak (Berri Txarrak, Ze Esatek!, ETS, Rafa Rueda, Itziarren Semeak...) hasiberriekin nahastuko dira, hamar orduko maratoi etengabean. Musika estiloei dagokionez ere, denetarik egongo da, rock doinuak nagusi izango diren arren: pop, trikitia, akustikoak...
Literaturaren kasuan ere maratoiak ez du etenik izango, 11:00etatik Landako itxi arte. Aurkezpen gehienak idazleen eskutik etorriko dira: Uxue Alberdi, Tere Irastortza, Jon Arretxe, Eider Rodriguez, Jasone Osoro, Fito Rodriguez... Musikaririk ere ez da faltako, ohiko formatutik kanpo: Mikel Urdangarin, Keu Agirretxea, Yogurinha Borova, Joseba Tapia...
Egun eta ordutegi zehatzak Ahotsenearen webgunean ikusiko dituzu.
Hasi zure gogokoenak agendan gordetzen!