Ahotsenea, Durangoko Azokako euskal sortzaileen gunea, beteta

Abenduaren 6tik 9ra bitarte egingo dute Durangoko Liburu eta Disko Azokaren 47. edizioa. Aurtengoan egun bat gutxiago iraungo du, eta Nestor Basterretxea artistak egin du karteleko irudia. Halaber, 2008az geroztik Landako eraikinaren alboan jartzen duten gunea, Ahotsenea, bete egingo da beste urte batez, eta zuzeneko emanaldiak, liburuen aurkezpenak, hitzaldiak... ez dira faltako. 88 izango dira orotara!


Ahotsenearen karpan euskaldun sortzaileak biltzen dira urtero 2008az geroztik. Durangoko Azokarekin batera, momentuko lanik esanguratsuenak, talderik ezagunenak, hizlaririk erakargarrienak… espazioko taulara igo eta hartzaileekin zuzeneko harreman estua sortzen dute.

Aurtengoan ere, bertan aritzeko izena emateko epea zabaldu zuten antolatzaileek, eta zerrenda luzea osatu dute: 88 emanaldi orotara! Goizeko 10:30etan irekiko dituzte ateak egunero, eta 22:00ak bitarte, ordu erdiko ikuskizun laburretan, beren ekarpentxoa egiteko aukera izango dute.

Galdu ezinekoak
Gazta Zati Bat filmaren soinu banda, Roni, Goienetxe anaiak, Lauroba eta Gaur ez taldeak izango dira lehen egunari musika doinuak jarriko dizkiotenetako batzuk, eta Entzun! aldizkaria, Jon Arretxeren 19 kamera, Pako Aristiren Independentziaren paperak eta Euskal Herriko musika argazkilariak liburuak aurkeztuko dituzte, beste askoren artean.

Ostiraleko egitaraua ere, abenduak 7koa, izenez beterik dator: Joseba B. Leinoren emanladia, Willis Drummonden disko berriaren aurkezpena eta Gozategi taldearen kontzertua izango dira nagusi, besteak beste.

Larunbatean eta igandean ere sortzaileak etengabe igoko dira eszenatokira, aretoa husteko betarik utzi gabe. Azken egunean, besteak beste, Anai Arrebaken kontzertua —hemen GAZTEZULOk egindako elkarrizketa—, eta Karlos Zurutuzaren Tripoli-Kabul liburuaren aurkezpena ikusteko aukera izango da.
Zurutuza, hain zuzen, GAZTEZULOko kolaboratzailea ere bada; hemen berari egindako elkarrizketa.

Animatu, doako sarrera eta giro paregabea aurkituko dituzu eta!

Egitarau osoa


Egitarau osoa kontsultatu nahi izanez gero, sartu hemen.