'Ahots planeta' literatura feministaren podcasta sortu dute
Literatura feminista izango dute hizpide hilero eta, horretaz gain, entzuleak idaztera animatuko dituzte.
Euskal Idazleen Elkarteak eta Azkue Fundazioak Ahots planeta izeneko podcasta aurkeztu berri dute. Podcast "fresko eta jostaria" izan nahi duela iragarri dute sustatzaileek, eta "euskal literatura feministaz" ariko direla. Informazioa jaso eta testuak entzuteaz gain, parte hartzeko aukera ere izango dute entzuleek; izan ere, idazteko gonbita egingo zaie, "helburu akademikorik gabe", eta "gozamenetik egitea eta lotsarik gabe partekatzea" izango da asmoa.
Bizkaian sortua bada ere, Idoia Carramiñana eta Garazi Albizua idazleek "beste planeta batera eramango gaituztela" azaldu dute. Programa bakoitzeko, fikzio bat osatuko dute idazleek eta saioaren azken atalean, testu bat idaztera animatuko dute entzulea.
Urtarrilaren bukaeran podcastaren aurkezpena argitaratu zuten, eta joan den ostiralean zintzilikatu zuten lehen atala. Lehen saioan Juliana Léveillé-Trudel idazlearen Nirliit eleberriaren inguruan hitz egin dute Albizuak eta Carramiñanak. Eleberrian, Salluit herrixkara lan egitera uda sasoian heldutako emakumeak, desagertutako lagun inuitari kontatzen dio zertan den hark utzitako lurraldea, zertan diren herrikideak eta zertan hain ongi ezagutzen duen iparraldeko bizimodu latza.
Otsailean hasi eta hilero izango da entzungai Ahots planeta, ohiko plataformetan. Ulu Media audio ekoiztetxeak ekoitzi du eta Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du.
