Agur hanburgesa begetala, kaixo disko begetala

Europako Parlamentuak 'haragi' terminoa debekatu nahi du jatorri begetala duten elikagaietan; aste honetan erabakiko dute.

Hanburgesa eta saltxitxa begetalen bila bazabiltzate, laster ez dituzue topatuko supermerkatuetan; aldiz, disko begetalak edota antzeko terminoak aurkituko dituzue. Eztabaida hau ez da berria, baina Europako Batasunak behingoz debekatu nahi du jatorri begetala duten elikagaietan haragiari erreferentziak egitea; hala, soja esnea edota gazta beganoa bezalako produktuek ere ezingo dituzte izen horiek erabili aurrerantzean.

Bi emendakin eztabaidatuko dituzte (duela urtebete aurkeztu zituzten), 165 eta 171 emendakinak, eta onartuak badira, hemendik aurrera haragia imitatzen duten jatorri begetaleko produktuek bestelako izenak erabili beharko dituzte. Baina, zergatik guzti hau? Atzean noski, haragi eta esneki industriak daude; hauek kezkatuta daude jatorri begetaleko produktuen sekulako igoerarengatik, eta lehia horretan galtzen atera daitezkeenez, izendatzea aldatzearen alde agertu dira.

Baina badira emendakinen aurka agertu diren enpresa handiak ere, , hala nola, Nestle, Unilever edo Upfield; hauek produktu beganoen errege bilakatu dira, eta ez dute marketing estrategia aldatzeko asmorik. Izan ere, gustagarria iruditzen zaizue "disko begetala"? Hori esatean, gosea sartzen al zaizue? Hizkuntzak botere handia dauka, eta alde bateko zein kontrako enpresek ongi dakite hori.