Agur FOMO! Kaixo JOMO!

Iritsi da gauzak galtzearen beldurrari agur esateko tenorea. Nahi ez dugun horri ezetz esateko unea da. Zure gorputz eta garunak eskertuko dizute.

Onartu ezazu, zerbait galtzearen beldurra nahi zenukeena baino gehiagotan sentitu duzu. Izan ekitaldi bat, konpromiso bat, lagunekin hitzordu bat, bidaia bat, lana, hitzordu bat… Nahi ez ditugunen planei “ez” esatea konplexua bihurtzen da askotan, ezezkoa esanez gero gure ingurukoek onartuko ez gaituztenaren beldurrez.

Beldur hau FOMO (Fear Of Missing Out) izenez ezagutzen da. Honegatik gogorik ez badugu ere, suertatzen denari bai esatera behartuak sentitzen gara, besteei gure bizitza zeinen “interesgarria” den erakusteko. Itxurakeriaren atzean ezkutatzea den sindromea da. Besteei atsegin emateko edo ezetz esaten baduzu esango dutenaren beldur egiten badituzu plan asko FOMO pairatzen duzu.

Sare sozialek sindrome honi indarra ematen diote eta egiten dugun oro sare sozialetara igotzeko beharra sentitzen dugu. Sare sozialak ez dira ordea errealitatea. Gure bizitza aldatu ohi dugu dena baino erakargarriago bihurtzeko eta horrek, askotan gure bizitzarekin gustura ez egotea eragiten du. Gainera, besteen bizitza perfektuen inguruko informazioa etengabe iristen zaigu estres eta antsietate ugari sortuz. Batzuetan sentsazio hau horren muturrekoa izan liteke, pertsona horrek nahi duen bakarra sare sozialetatik deskonektatzea dela.

Testuinguru honetan sortzen da JOMO (Joy Of Missing Out) joera edo gauzak galtzearen plazera. Zure lagunak jatetxe batean afaltzen dauden bitartean zu Netflix ikusten eta pizza jaten geratzea da adibidez. Laburbilduz, gogorik ez dugun planei ezetz esatean datza eta benetan nahi ditugunei baietz esatea, itxurakeriak alboratuz.

Baina ezetz esateaz gain, JOMOa hartutako erabakiarekin gustura sentitzea ere bada. Lasaitasun psikologikoa dakar, arnasleku bat, detox emozional bat, autozaintza bat. Zergatik eman behar diegu plan guztiei baiezkoa? Zergatik esperimentatu behar dut guztia, horrek ez bagaitu hain zoriontsu egiten ere?

Kontzeptua Christina Crook idazleak sortu du. Marie Kondo digitala moduan da ezaguna eta The Joy of Missing Out: Finding Blance in a Wired World liburuaren idazlea. Bere ustetan etengabe konektatuak egoteak ondorio negatiboak sortzen ditu eta deskonektatzeak berriz jarrera positiboak loratzen dituela sinesten du. Hona hemen JOMOarekin hasteko iradokitzen dituen aholkuak:
-Itxurakeriak egiteari utzi, honek zuzenean eragingo du zure ongizate psikologikoan.
-Ahal duzun gehien deskonektatu sare sozialetatik.
-Bidaiatzen duzunean ez egon etengabe argazkiak ateratzen edo Instagramen, bizi momentua.
-Gozatu bakardadeaz.
-Gozatua benetan merezi duten pertsonez.
-Ez utzi besteek zu mugatzen.
-Ekidin alderaketak, askoz zoriontsuago izango zara.

Ikusi dezakezunez, guztia aukeraketan eta gozatzean dago, presio sozialetatik at. Plan bat egin nahi baduzu egin, ez baduzu nahi, ez egin. Kito. Ez utzi teknologiari zure bizitza mendean hartzen, jarri mugak eta erabili itzazu modu osasuntsu eta arduratsuan.