'Agur, Etxebeste!' filmatzen
Hamalau urteren ondoren, bueltan dira Etxebestetarrak!
Telmo Esnal eta Asier Altuna buru-belarri ari dira Agur, Etxebeste! filmaren errodajearekin. Aste honetan hasi dituzte filmaketa lanak, Irungo Ospitalean. Ondoren, eszena gehienak Bergaran errodatuko dituzte, duela hamalau urteko Aupa Etxebeste! filmari keinu eginez. Aktore zein talde tekniko bera ariko da lanean; Ramon Agirre (Patrizio), Elena Irureta (Maria Luisa), Paco Sagarzazu (Luziano) eta Iban Garate (Iñaki) berriro elkartuko dira barrez lehertzera eraman gintuzten familia bera osatzeko.
Datorren urtean estreinatuko dute lan berria. Aupa Etxebeste!-n egin bezala, Bergaran grabatzen ari dira kaleko irudi gehienak, eta aurreko filmerako eraikitako fikziozko etxea birsortuko dute Zinealdeko pabiloietan, Oiartzunen (Gipuzkoa). Gipuzkoako beste herri batzuetan ere grabatuko dituzte zenbait sekuentzia; Hondarribian, Zarautzen eta Irunen, besteak beste.