Agnes Vardaren filmekin osatutako zikloa Iruñean
Zinemagile frantziar aitzindariaren sei film eskainiko dituzte atzera begirakoan.
Agnes Varda zinemagile frantziar zenari eskainitako zikloa abiatuko dute bihar Iruñeko Kondestable Civivoxean. Sei film eskainiko dituzte guztira azaroaren 27ra bitartean. Arturo Barcenillak aurkeztuko ditu saio bakoitzeko filmak eta mahai-inguruak.
Honako sei filmak ikusi ahal izango dira zikloan: bihar, La Pointe Courte; urriaren 23an, Le bonheur; azaroaren 6an, Daguerréotypes; azaroaren 13an, L’une chante, l’autre pas; azaroaren 20an, Documenteur; eta azaroaren 27an, Murs Murs. Emanaldiak 19:00etan hasiko dira eta doakoak izango dira. Aurrez eman behar da izena.
Agnes Varda Belgikan jaio zen, Brusela ondoko herri txiki batean. Bere aita greziar errefuxiatua zen eta ama frantziarra. Artearen Historiako ikasketak egin zituen École du Louvren eta Pariseko Théâtre National Populaire-n argazkilari lanak egin zituen. Zineak interes handiagoa pizten zion, ordea, eta alor horretara egin zuen salto. Kostako herri arrantzale txiki bateko irudiak hartzen aritu zen, oso gaixorik zegoelako toki hura bisitatu ezin zuen lagun batentzat, eta orduan erabaki zuen lehen filma egitea. 1954a zen, eta film hark La Pointe Courte izena hartu zuen, Nouvelle Vagueren aitzindari izan zen maitasun istorio triste bat. Ia gauza guztietan izan zen aitzindari, eta emakume feminista, ezkertiar eta independentea izateak bigarren maila batean bizirautea ekarri zion. Berak filmak egiten jarraitu zuen, hala ere, eta berrogeita hamar lan inguru egin zituen dokumental, film labur eta luzeak kontuan hartuta.