'Afrikaldia', afrikar zinemaren jaialdia martxan Gasteizen
Jatorri afrikarreko zinemagintzari eskainitako lehen zinema jaialdia egiten ari dira aste honetan Gasteizen ostiralera bitartean.
Astelehenean abiatu zuten Afrikaldia afrikar zinemen euskal jaialdiaren lehen edizioa Gasteizen. Manuel Iradier elkarte afrikanistak eta Bendera kultur elkarteak antolatuta, kritikaren oniritzia eta nazioarteko zinema jaialdien bermea jaso dituzten hainbat afrikar film garaikide eskaintzen ari dira egunotan. Kontinente afrikar zein diasporako zinematografien kultura-aniztasuna publikoarekin eta ikus-entzunezko industriarekin partekatu ahal izateko aukera ematen du jaialdiak.
Emakumea eta ekintzailetza politikoa izan dira lehen edizio honetarako hautatu dituzten gaiak: “Industria zinematografikoaren buru gehienak gizonezkoenak izan dira; horregatik, jaialdiak emakumeei errekonozimendurako espazio berri bat eskaini nahi die, zinemaren bidez beren ikuspegiak, mezuak eta istorioak eman ditzaten”, azaldu dute antolatzaileek.
Guztira, 13 pelikula daude Sail Ofizialean lehian, fikziozko zortzi film luze eta bost dokumental, eta bi sari izango dira jokoan: epaimahaiarena eta publikoarena.
Gaur, asteazkena, honako film hauek proiektatuko dituzte: Knuckle City, Finding Sally, Autumn Landscapes, eta Their Algeria, Lina Soualem zuzendaria bertan dela. Horretaz gain, bi hitzaldi ere izango dira Montehermoson: Artea terapia gisa pandemia garaietan, Maïmouna Jallow-rekin, eta Zinema independentea Nigerian, C.J. Obasi-rekin.
Bihar, osteguna, beste hainbeste pelikula izango dira ikusgai: Coachez eta Tales of the Accidental City, Maimouna Jallow-rekin; Erregeen gaua, Philippe Lacote-rekin; Anbessa eta Let's Talk. Industria Sailaren barruan, bi solasaldi izango dira: Familia-dokumentalak diasporatik Lina Soualem-ekin, eta Jaialdi espezializatuetatik areto komertzialetara, Philippe Lacote eta Ekwa Msangi-rekin. Horretaz gain, jarduera akademikoa ere egingo dute, Emakumea eta aktibismoa Afrikan izenburupean, Juana Goizueta eta Maimouna Jallow-rekin. Azkenik, ostiralean amaierako gala egingo dute.
Egitarau osoa webgunean kontsulta daiteke eta sarrerak ere bertan eskura daitezke.