'Adults', New Yorken elkarrekin bizi diren bost gazteren inguruko komediazko telesaila
Alokairua ezin ordainduta, lagunetako baten familiaren etxean bizi dira bost gazteak, mundu modernoaren katramiletan korapilatuta.
Aurreko belaunaldiek Friends eta How I met your mother telesailak izan zituzten, New Yorken bizi ziren gazteen gorabeheren ingurukoak. Orain, garai berrien ispilu, Adults izeneko telesaila iritsi da Disney + katera. Hogei urte inguruko bost lagunen istorioak kontatzen ditu, eta guztiak haietako baten haurtzaroko etxean bizi dira. Gaztetasunaren garaian, helduaroko kontuei aurre egin beharko diete: lan mundua, osasun sistema, ardurak...
Ben Kronengold eta Rebecca Shawek sortutako telesail estatatubatuarra iaz estreinatu zen, eta 25 minutuko atalez osatutako bi denboraldi ditu. Umore beltza, sarkasmoa eta satira ditu osagai.
Gazte hauek ez dute pisu bat beste batzuekin batera alokatzeko diru nahikoa, eta hori dela eta, Samir pertsonaiaren familiaren etxean bizi dira denak, haren gurasoak kanpoan dauden bitartean.
Bost pertsonaiek toki eta garrantzia bera dute telesailean: Billy (Lucy Freyer), maitasunean eta lanean gorabeherak dituen gazte anbizioduna; Anton (Owen Thiele), jatorra eta atsegina, baina arazoei aurre egiteko eta aholku onak emateko zailtasunak dituena; Samir (Malik Elassal), bihotz oneko mutil sineskorra; Issa (Amita Rao), berritsua eta gatzduna dena, eta itxaropenik edo irtenbiderik gabeko auziak erakartzen dituena; eta Paul (Jack Inannen), bihotz onekoa eta baldar samarra dena.
Hainbat gai agertzen dira bi denboraldietako ataletan, besteak beste, lan mundura sartzeko zailtasunak eta lantokiko ezinegonak, sare sozialetako eta ligatzeko aplikazioetako jendearen profila, harremanak eta zitak, etxeko lanen banaketa, orientazio sexualarekin lotutako gorabeherak, arrasto digitala, hizkuntza modernoa lantokian, osasun sistema, finantza krisia, kodepentzia emozionala, parranda eta drogak.
Bost gazte hauen inguruko istorioak ezagutu nahi badituzu, Disney + katean ikus dezakezu telesaila.