Adinekoentzako parkour-eskola egokituak egiten dituzte Singapurren

Aktibo mantendu, eguneroko oztopoak gainditu, eta erortzerakoan min ez hartzea da saioen helburua.

Parkourraz hitz egitean jende gaztea irudikatu ohi dugu, hormetara igotzen, salto egiten, eta gorputza mugimendu handietan murgilduta. Bada, helduagoak direnek ere, haien neurrian, treba daitezke jardun honetan.

50 eta 70 urte arteko talde bat elkartzen da astero Singapurren, aire librean, parkour egokitua egiteko. Ez dute muturreko akrobaziarik egiten, baina egunerokoan beharrezkoak dituzten gaitasunak lantzen dituzte: kaleko oztopoak gainditzea, oreka lantzea, modu seguruan erortzen eta altxatzen ikastea...

Giharretako eta artikulazioetako indarra hobetzeko, inguruan dutenaren kontzientzia hartzeko, eta erortzeari beldurra ez izateko baliatzen dituzte saioak.

Kalean eta gimnasioan egiten dituzte ariketak, esaterako eskubandaren gainetik salto egin, koska handi samarretara igo, haien burua erortzen utzi eta altxa, batetik bestera salto egin... Horren ondorioz, fisikoki eta buruz arinago sentitzen direla aipatzen dute parte-hartzaileek. 

Tan See Bon izeneko gizon batek ematen dizkie eskolak. Hiriko hainbat puntutan antolatzen ditu saioak, astean zazpi aldiz. 90 minutuko eskolak izaten dira, eta 4 eta 12 bat pertsona izaten dira saioko. Ikasle bakoitzaren mugimendu gaitasunaren arabera egokitzen ditu bakoitzak egin beharrekoak. 

2017an Tan See Bonek ezagututako emakume bat dago honen guztiaren sorreran. Janari postu batean zain zegoela, parkourrak harek oreka hobetu ote zezakeen galdetu zion 64 urteko emakume batek. Bideo batzuk ikusita, probatu egin nahi izan zuen. Hasiera batean, gurditxo baten laguntzaz ibiltzen zen, erortzeko beldurrez. Handik hilabete batzuetara, ordea, segurtasunez eta bere kabuz mugitzen omen zen. Komunikabideek haren berri zabaldu eta jubilatu askoren arreta eta interesa bereganatu zuen kontuak. Hori ikusita, praktika honi heldu zion Tan See Bonek.