Adin subjektiboa: zergatik sentitzen gara garena baino gazteagoak?

Adin batera iristean disoziazioa sentitzen dugu benetan ditugun urteak eta sentitzen dugunaren artean. Zergatik gertatzen da fenomeno hau?

Pshychonomic Bulletin & Review deitutako aldizkarian argitaratutako 2006ko ikerketa baten arabera, 40 urtetik gorako helduek euren burua direna baino %20 gazteago hautematen dute. Adin subjektibo hau 25 urtetik aurrera hasten da eratzen, behin ikasketak amaitu eta klase-kideekin harreman etengabekoa galtzen hasten garenean. 30 urtetara iristean, populazioaren %70a benetan dena baino gazteagoa sentitzen da. Disonantzia hau handituz doa adinean aurrera egin ahala.

Ez da zerbait zehatza eta ez zaigu denoi gertatzen, baina ohikoa da bizitzaren momentu batean gure urtebetetze eguneko zenbakia eta norbere buruaren hautematearen artean aldeak sortzen hastea. Psikologo eta zientzialariak fenomeno hau aztertzen dabiltza 70. hamarkadatik. Batzuk diote faktore kulturalek gure burua gazteago ikustera bultzatzen gaituztela, ukapen moduko bat da, zahartzaroaren estimatik aldentzeko. 

Beraz, adin subjektiboa, aditu batzuen ustez, gizartean dauden estereotipo sozialek eragindakoa da. Zahartzaroari hautematen dizkiogun ezaugarri negatibo horietatik aldentzeko gure defentsa modukoa litzateke. Zahartzaroari buruzko estigma hauek batez ere emakumeei eragiten die, beti erakargarri eta gazte mantendu beharraren presioa dela eta. Alata, adin subjektibo bat baldin badugu, horrek esan nahi du pertsona indartsuak eta aktiboak garela. Baina zergatik ezin zaizkio ezaugarri hauek 65 urteko pertsona bati ezarri? 

Hori da Madonnari gertatzen zaiona. 64 urteko abeslari ezaguna kritikatua izan da sare sozialetan emakume indartsua, bere buruaz seguru dagoena eta sexualitateaz gozatzen duena azaltzeagatik. Madonnak erre egiten du, bibragailuak erakutsi eta TikTok joeretara batzen da. Askok hau arazo moduan hautematen dute. Abeslariak honela erantzun die jasotzen dituen kritikei: "Berriz ere adinkeria eta misoginian harrapatuta nago. Mundu honetan 45 urtetik gorako emakumeei euren izatea ospatzea eragozten zaie eta emakume indartsu, langile eta abenturazalea zigortu egiten da. Ez dut sekula bakarmenik eskatu hartutako sorkuntza erabakiengatik, ez eta nire itxura edo janzteko eragatik, eta ez naiz orain hasiko". 

Adituen ustez, norbere burua dugun adina baino gutxiagorekin hautemateak ondorio positiboak ditu. Adin subjektiboa duten pertsonek osasun hobea izan ohi dute, zoriontsuago sentitzen dira euren bizitzekin. Dena den, eragin positibo hauek, normalean, aktiboak diren pertsonetan gertatzen direla azpimarratu nahi dute psikologoek. Gazteago hautemateko beste modua gizartekoia izatea da, zaletasunak edukitzea eta belaunaldi ezberdinetako pertsonekin harremanak mantentzea. 

Ikerketa eta teoria guzti hauek ideia sinplean laburbildu liteke: zaila da helduaroan norbere lekua topatzea. Denok gara gure buruan hobeto mantendu garenak gure belaunaldiko ezagunekin alderatuta. Logikoa da eta osasuntsua, baina ez da erreala. Desilusioa eragin dezake onartzea zure adineko helduak bezain heldu ikusten zaituztela besteek. Baina, gazteago sentitzen bazara, zure osasun fisiko eta mentalak eskertuko dizu.