Adimen Artifizialaren inguruko jardunaldia egingo dute Azpeitian

Hitzaldiak, mahai-ingurua eta film emanaldiarekin osatu dute ekainaren 17ko topaketa.

CAF-Elhuyar sariaren baitan, Azpeitiko Dinamoa ekimenak IA DENA jardunaldia antolatu du datorren ekainaren 17rako, adimen artifizialaren inguruko topaketa. Antolatzaileen hitzetan, "adimen artifizialari buruz hausnartzeko eta hitz egiteko" topaketa izango da, "galderak egiteko, erantzunen batzuk entzuteko, eta seguru asko galdera berriak uzteko airean".  "Datorkigun munduaz, edo jada hemen daukagunaz batera pentsatzea da nahi duguna, elkarri entzutea, adi entzutea, gure adimena esna mantentzeko, artifizialak gure lanak egingo dituela pentsatu beharrean", azaldu dute.

Goizeko egitarauari dagokionez, hamarretan aurkezpena egin eta, jarraian, Josu Aztiriak Adimen artifizial sortzailea: guztia aldatu berdin jarraitzeko? hitzaldia emango du; Rosa Basagoitik Datu meatzaritza, sormena eta aplikazioak; eta Martin EtxaurikAdimen artifizialaren argilunak jardun artistikotik. Atsedenaldiaren ondotik, adimen artifizialaren ertzen inguruko mahai ingurua egingo dute. Honako hauek hartuko dute parte: Irati Berasategi, Iñigo Martinez Peña, Aitzpea Leizaola, eta Gorka Azkune. Gainera, Jon Sanchezek (New Media ikertzailea eta sortzaileak) CAF-Elhuyar Sorkuntza beka jaso duen Semiosi-genesi proiektua jarriko du abian.

Arratsaldean, 17:00etan, Gaizka Izagirrek Androideak eta ardi elektrikoak: adimen artifiziala film eta telesailetan hitzaldia emango du. Ondoren, Bera (Her) filmaren emanaldia izango da, euskarazko azpitituluekin. 

Goizeko jardunaldi saiorako izena eman behar da (doakoa da). Arratsaldean Soreasu Antzokian izango den hitzaldi eta proiekziorako sarrera doakoa eta librea izango da.