Adimen Artifizialarekin sortutako modeloa agertu da Vogue aldizkarian argitaratutako iragarki batean
Zalaparta sortu da modeloen langintzan eta edertasunaren eta kanon estetikoen inguruan izan dezakeen eraginagatik.
Adimen Artifizialarekin sortutako modelo bat agertu da Vogue aldizkari ezagunaren barruko iragarki batean. Iragarkia abuztuko papereko edizioan azaldu da, eta adimen artifizialarekin egina dela ipini duten arren, oharkabean igaro daiteke ia, kosta egiten baita letra txikia ikustea.
Arropa marka baten iragarkiaren parte da existitzen ez den modeloa. Emakume altu, ilehoria agertzen da, bi egoeratan: batean, kafe katilu batekin, eserita, loredun mono urdina soinean; eta bestean, berriz, zutik, pureta urdin batean aurrean, zuri eta beltzezko soineko bat jantzita, eta poltsa batekin.
Iragarkiak zeresana eman du. Batetik, dibertsitatearen alde borrokatu diren modeloentzat zer ondorio izango duen galdetzen du zenbaitek eta, bestetik, errealistak ez diren edertasunaren estandarrak are zorrotzagoak izango direla eta gazteentzat bereziki kaltegarria izango dela uste dute. Izan ere, orain arte, gazteek edo ez hain gazteek, digitalki aldatutako gorputz edo aurpegiekin edo filtroak dituzten irudiekin alderatu izan dituzte haien buruak, baina, hemendik aurrera, existitzen ez diren izakien gorputzekin izango da konparaketa.
Joera honek geure buruaz dugun irudian eragina izan dezake, bete ezin diren espektatibak eragiten baititu. Kontuan hartu beharrekoa da, norbere gorputzaren inguruko irudi edo pertzepzio txarra izateak elikadura-nahasmenduak izateko arriskua areagotu dezake eta.
Bestetik, edertasunaren arau konbentzionalak betikotzen dituela ere nabarmendu dute, eta aniztasuna eta gizakien talentua baztertzen dituela. Neurri handien modeloa den Felicity Hayward-ek adierazi duenez, baliabidea "nagia eta merkea da" eta "lan eskubideak eta inklusioaren aldeko borroka kaltetzen ditu". Haren ustetan, "benetako edertasunak munduan dauden gorputz, adin, genero eta esperientzien aberastasuna islatu behar du".
Adimen artifizialeko modeloa sortu duen enpresak esan du "ez duela gizakia ordezkatu nahi, baizik eta adierazpide berriak sortu". "Estetika aukerak eta sormena leku berrietara zabaltzeko" aukera dela iruditzen zaie. Inklusiboagoak izaten ere saiatu direla aipatu dute, sarean azal kolore ezberdineko emakumeen irudiak argitaratuta, baina jendeak ez omen du berdin erantzuten: "Ez dugu atsegite kopuru edo onarpen bera jasotzen. Azken finean, negozio bat gara, eta Instagrameko irudiak elkarrizketa bat sortu eta bezeroak erakartzeko erabiltzen ditugu".