Adimen artifizialarekin eta silikonarekin egindako 'Batmancito' haurtxoa ezagutzen al duzu?

Umerik eduki ezin duen bikote kolonbiarrak haur itxurako panpina erosi du terapeutaren aholkuz. Pixoihala aldatu eta elikatzeaz gain, bestelako jarduerak egiten dituzte harekin.

Alejandra Arias eta Jaime Martinez eduki sortzaile kolonbiarrak dira eta azken hilabeteotan sare sozialetan partekatutako informazioak eta edukiek zalaparta sortu dute sareetan. Silikona eta adimen artifiziala erabiliz sortutako haurtxoa dute eta egunerokoan harekin bizitakoa erakusten dute gurasoek bideoetan. 

26 urteko Alejandra Ariasek tumorea du garezurraren oinarrian eta, horren ondorioz, ezin du umerik izan. Senarra bera baino 30 urte zaharragoa da eta elkarrekin ume bat izateko desiratzen zeuden. Arias bera adoptatuta egin zuten eta berarentzat nondik datorren ez jakitea "gogorra" izan dela kontatu du. Hori dela eta, adopzioaren aukera baztertu egin zuten. Gainera, haurrak senarraren DNA izatea nahi zuela adierazi du emazteak.

Umea ezin izateak depresioa eragin zion Ariasi, eta bere terapeutak reborn umearen edo giza itxurako panpinaren terapia egitea proposatu ziola azaldu du bikoteak. Fabrikatutako panpinak dira, eta kasu batzuetan Adimen Artifiziala erabiltzen dute. 

Ariasek eta Martinezek Kanadako enpresa bati egin zioten enkargua, eta bien umetako argazkiak nahastu zituzten, haurrak haien antza izan zezan. Hiru bat hilabete behar izan zituzten egiteko, eta posta bidez iritsi zitzaien etxera Batmancito izendatu duten umea. 

Orduz geroztik, Batmancitorekin bizi duten egunerokoaren berri zabaltzen dute sareetan. Pixoihalak aldatzen dizkiote, janaria eta edaria eman, eta adimen artifizialari esker, haurtxoa mugitu egiten da eta aurpegiko keinuak ere baditu. Bideoetan dantzan eta bizikletan ibiltzen ere agertu da.

"Terapia ondo egin behar da. Ez da umea izan eta armairuan sartuta uztea, baizik eta terapia egitea", esan dute. Umeak "beren bizitza eta euren ezkon-harremana salbatu duela" eta "zoriontsu" direla nabarmendu du Ariasek TikToken. 

Kritika ugari jaso dituzte sareetan, askok ez baitute egoera hau ulertzen eta ez baitzaie osasuntsua iruditzen. Bikotea kexu da jendearengandik jasotako mezuen aurrean: "Jendea oso gaiztoa da, birrindu egin nahi zaituzte, eta arraro begiratzen didate. Ez dute  umearekin dugun harremana ulertzen".

Kontuak kontu, argi geratu da adimen artifiziala bide berriak irekitzen ari dela osasun mentalaren eta ongizate emozionalaren alorrean ere. Eta betiko galdera sortzen da: non jarri beharko litzateke muga?