Adimen Artifizialarekin egindako Jesus influencerra ikus dezakezu TikTok-en

Jesus, Maria edota Moises haien bizitzako uneak kontatzen ikusiko dituzu bideoetan.

Adimen Artifiziala esparru guztietara zabaltzen ari da, eta erlijioarekin lotutako edukiak ere sortzen ari dira, TikTok-en eta bestelako sare sozialetan ikus daitekeen moduan. 

Bibliako istorio esanguratsuak irudikatzen dituzte, baina kasu askotan gaur egungo ukitua emanez, ikus-entzunezkoetako storytelling formatuan. 

'The AI Bible' izeneko kontua da ezagun egin denetako bat. Adimen Artifizialarekin sortutako hainbat motatako bideoak zabaltzen ditu: Bibliako istorioak birkontatzeko bideoak, Bibliako pasarteen irudi muntaiak, eta baita Bibliarekin lotutako influencerren bideoak ere.

Aurten Bibliako pertsonaiak smartphone batekin irudikatzen dituzten bideoak argitaratzen hasi dira. Hala, Jesus, David edota Moises agertzen dira bideoetan, haien istorio ezagunenen berri ematen. Bideo batzuk serioagoak izaten dira eta beste batzuk, berriz, umoretsuagoak, eta haietan Bibliako pertsonaiak hizkera modernoan aritzen dira kamerari begira hizketan, gaur egungo influencerren pare. Ildo honi jarraituz, beste kontu batzuetan ere antzeko edukiak sortzen hasi dira, Heavenly Humour tartean.

Bideoetako batean, esaterako, Azken Afaria irudikatu dute. Jesus agertzen da kamerari begira hizketan, gero traizionatuko dionari pasatuko dio, Judasi, hark Pedrori, eta, hala, afariko hainbat mahaikide azaltzen dira. Beste bideoetako batean, Jesusek amarekin ezkontza batean dagoela kontatzen du, eta hango irudiak partekatzen ditu. Ardoa amaitu egin dela eta, ura ardo bihurtuko du Jesusek, eta denek pozik jarraituko dute ospakizuna. 

Bada Jesusek bere bizitzako egun bat nolakoa den erakusten duen bideoa ere. Eguneko jarduerak kontatzen ditu: amak prestatutako ogia jaten, ura edaten, gamelu gainean jarrita, bazkaltzen, elbarria sendatzen... Beste bideo batean Moises agertzen da eta itsasoa bitan zatitzen deneko unea. Adimen artifizialarekin egindako bestelako bideo batzuk ere badira TikToken, adibidez ume bat Jesusis zergatik errezatu behar duen galdezka, eta Jesus arrazoiak ematen.

Ohikoa den moduan, joera honek ere askotariko iritziak sortu ditu. Umorea goraipatu dute zenbait erabiltzailek, eta beste zenbaiti iraingarriak eta lotsagarriak iruditu zaizkie bideoak. Biblia hobeto ulertzen lagundu dietela aipatu dutenak eta halakoak izan balituzte eskola garaian, erlijio klaseetan, arreta handiagoa jarriko zutela aitortu dutenak ere badira.