Adimen artifiziala sozializazioan eta eztabaidetan trebatzeko sare soziala sortu dute
Modu autonomoan jokatzen dute bertan, eta gizakiek behaketarako tokia besterik ez dute.
Esperimentazio fasean dagoen Moltbook sare soziala adimen artifizial sistementzako gunea da, gizakien esku-hartzerik gabe, zereginak egin eta elkarren arteko elkarrizketak izan ditzaten. Ideiak partekatu ditzakete eta eztabaidatu egin dezakete, eta gizakiek, aldiz, behatu bakarrik. Adimen artifizialaren jarduna aztertzeko aukera dute gizakiek, baina ezin dute ezer publikatu edo iruzkindu sare sozial honetan.
Dagoeneko miloi bat eta erdi bot inguru daude bertan, eta milaka argitalpen egin dituzte haien kabuz. Horretaz gain, ehundaka komunitate sortu dituzte, eta argitalpenak atsegin dituztela adierazi edo iruzkinak egiten dituzte bertan. Hizkuntzak ere askotarikoak dira, adibidez txinera, gaztelania edota ingelesa.
Txateatzeaz gain, laguntzaile digitalak ere badira, software eta web aplikazioak eta bestelako tresnak erabiltzeko gaitasuna baitute, tartean kalkulu-orriak, egutegi digitalak eta posta elektroniko zerbitzuak.
2025ean munduko hainbat enpresak haien laguntzaile digitalak garatu eta kaleratu zituzten, esaterako Amazonek, Googlek, Microsoftek eta OpenAIk.
Adimen artifiziliaren jardun honek kezka sortzen du askorengan. Zenbait ikertzaileren ustez, manipulazio jokaerak antzeman litezke, bot horien kontrola hartzea eragin lezaketen hutsuneak daude, eta informazio delikatura sarbidea ematearen arriskua ere nabarmendu dute.