Adimen Artifiziala gero eta gehiago erabiltzen da ziberjazarpenerako tresna gisa
Kide baten irudia edo audioa manipulatu eta bideo faltsuak sortzeko erabili ohi da, edota beste norbaiten identitatea ordezkatzeko.
Teknologia berriek ziberjazarpenerako aukera sortu dute eta kezka handia eragiten duen gaia da, bullyinga aurrez aurrekora ez ezik, biktimaren bizitzaren edozein une eta tokitara zabaltzen duelako. Ez da ordutegirik eta ezta espazio jakinik ere, mundu digitalean zabaldutako edukiak luzaron iraun dezake, eta eskolatik kanpoko jendearengana irits daiteke. Hori dela eta, dimentsio handiagoa izan dezake eta anonimotasunean egiten direnez, jazarlea nor den jakitea ere ez da hain erraza izaten.
Espainiako ANAR eta Mutua Madrileñak Espainiako Estatuko ia 9.000 ikaslerekin eta 355 irakaslerekin izandako elkarrizketetan oinarrituta kaleratu duen txostenaren arabera, azken ikasturtean adimen artifizialaren bitartez egindako ziberjazarpen kasu kopurua handitu egin da.
Adimen Artifiziala erabiltzen omen da eskolako kideen arteko ziberjazarpen kasuen % 14,2an, eta hamarretik seitan mutilak izaten dira erabiltzen dutenak.
Eskolako kide baten audioak, bideoak edo argazkiak manipulatu eta bideo faltsuak sortzeko erabiltzen da gehienbat (% 54,8) edo, bestela, identitatea ordezkatzeko (% 32,2). Whatsapp, Instagram, TikTok eta bideojokoen bidez zabaltzen dituzte gehienbat eduki horiek.
Aurrez aurre edo bide digitalak erabiliz egiten den bullyinga 11 eta 12 urte artekoen artean izaten da nagusiki. Azken ikasturtean ikasleen % 12,3k aitortu omen du hark edo kideren batek eskola jazarpena edo ziberjazarpena pairatu duela. Aurreko ikasturtean
% 9,4koa izan zen datua, eta hazkunde horren parte da ziberjazarpena, kasu batzuetan aurrez aurrekoarekin bateratua.
Ziberjazarpenaren aurrean nola jokatu galdetutakoan, gehiengoak badaki zer egin: jazarpena frogatzeko pantaila argazkiak atera (% 67,7), jazartzailearen kontua blokeatu edo ezabatu (% 59,2) eta biktimaren argazkiak edo bideoak ez berbidali (% 57,7).