Adimen artifiziala erabiliz kantuak masiboki erreproduzitu eta streaming plataformei iruzur egiteagatik kartzela-zigorra jaso duen estatubatuarra
Zortzi miloi dolar itzuli beharko ditu zazpi urtez egindako iruzurragatik.
Estatu Batuetako Justiziak hemezortzi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio 54 urteko Michael Smith estatubatuarrari, adimen artifizialaren bidez streaming musikal masiboak gauzatu eta zortzi milioi dolar baino gehiago kobratu izanagatik. Zazpi urtez iraun zuen iruzurrak, 2017tik 2024ra.
Urte eta erdiko kartzela-zigorraz gain, irabazitako 8.091.843,64 dolarrak itzuli beharko ditu, fiskaltzak zehaztu duenez, hori baita Smithek iruzurraren bidez eskuratutako dirua.
Justizia Sailaren arabera, Smithek 10.000 bot kontu inguru ireki zituen Amazon Music, Apple Music, Spotify eta Youtube Music plataformetan. Iruzurrezko zordunketa-txartelak eta e-postak erabili zituen horretarako. Milaka abesti sortu zituen adimen artifiziala erabilita, eta software bat erabiltzen zuen kantuak etengabe erreproduzitzeko. Kantu bakarrean zentratu beharrean, erreprodukzioak banatu egiten zituen abestien artean, plataformek ezer susma ez zezaten.
Erreprodukzio maila ez zen nolanahikoa. Fiskaltzak azaldu duenez, 2023ko apirilean, Smithen abestiek 80,9 miloi erreprodukzio izan zituzten hilabete bakarrean. Epe horretan, Taylor Swiften katalogo osoak 9,3 miloi erreprodukzio izan zituen.
Justizia Sailak nabarmendu du iruzurrak ez dituela plataformak bakarrik kaltetu, baita musikariak ere. Erreprodukzio bolumena artifizialki puztu zuenez, streaming zerbitzuek, izandako erreprodukzioen arabera, artista bakoitzari funts komunetik proportzionalki banatzen dioten diru-zatia murriztu zuen. Hau da, azken finean legez beste musikagileei zegokien dirua bereganatu zuen.
Kasu honekin agerian geratu da plataformek zailtasunak dituztela entzunaldi errealak eta botek egindakoak bereizteko. Gaur egun, plataformak kontrol eta algoritmo zorrotzagoak ezartzen ari dira iruzurrak saihesteko: gutxieneko entzunaldiak izatea dirua kobratu ahal izateko, banatzaile digitalentzako zigor ekonomikoak iruzurrik egonez gero, spam iragazkiak eta bestelakoak.