Adikzioa saihesteko mugikorra sortu dute bi gazte kataluniarrek

Ez du interfaze edo jakinarazpen deigarririk, mugikorra etengabe begiratzeko bulkada baretze aldera.

Egunean zehar sarri heltzen diogu mugikorrari: garraio publikoan goazenean, zain gaudenean, aspertuta gaudenean... Baina beste zerbaitetan ari garenean ere badugu mugikorrera jotzeko joera: lanean ari garenean, pelikula bat ikusten, lagunekin... Mugikorraren argia pizten ikusi eta jakinarazpenek ere erakartzen gaituzte. Askotan, gainera, mugikorrari heldu eta ez dakigu zergatik egin dugun ere, inertzia bilakatu baita.

Egoera hau ikusita, bi gaztek adikzio hori saihesteko mugikorra sortu dute. Balance Phone izeneko proiektuaren bitartez, egunean lauzpabost ordu mugikorrean igaro ordez, erabilera ordu eta erdira murriztea lortu dute. 

Bartzelonako Albert Beltran eta Carlos Fontclara gazteek sortutako smartphoneak adikzio gehien sorrarazten duten bost atalak blokeatzen ditu: streaming plataformak, sare sozialak, bideojokoak, apustuak eta pornografia. Teknologiarekin dugun harremana aldatzea da asmoa, hain eskura izateak dakartzan arazoak saihestea: "Aste batzuetan egunean bost orduz aritzen nitzen mugikorrean, benetako arazoa zen", azaldu du Beltranek. Bere kalkuluen arabera, urtean 40 bat egun igarotzen zituen mugikorrari itsatsita. 

Hori dela eta, mugikorrarekin zituzten ohiturak aldatzeko erabakia hartu zuten. Gurasoen kontrola izaten duten aplikazioak, denbora mugatzen dutenak eta halakoak hasi ziren probatzen, baina haien borondatearen baitakoak zirenez, azkenean ez zieten jaramonik egiten eta ezarritako arauak hausten zituzten. 

Smartphonea alde batera utzi eta Nokia klasiko bat hartu zuten ondoren, horrek ez baitu mendekotasunik sortzen. Bi egun besterik ez omen zuten iraun, ordea. Izan ere, ez zuten egunerokoan erabilgarriak zaizkien eta adikziorik sortzen ez duten aplikazioak erabiltzerik, esaterako Google Maps, Whatsapp edo Spotify.  

Esperientzia horietan ikasitakoa kontuan hartu eta Nokiaren sinpletasuna eta telefono adimendunen funtzionalitatea duen mugikorra sortzeko erronkari heldu zioten. Haien lana utzi eta horretan hasi ziren buru-belarri. Hortik sortu zen Balance Phone. 

Samsung-ekin elkarlanean aritu dira; haien hardwarea erabili dute, gainean sistema eragilea instalatzeko. Oso diseinu soila du.  Interfazeak ez du kolore bizirik eta ezta jakinarazpen deigarririk ere. Zuri-beltzeko interfazea du eta aplikazioak idatzita agertzen dira, inolako irudirik gabe. Bilatzailea ere badu, aplikazioen artean mugitu ahal izateko. Deiak egin daitezke, nabigatzaile eta bilatzaileetara sarbidea du eta baita oinarrizko txatak ere. Sortzaileen ustez, diseinuak mugikorra zerbait praktikoa egiteko bakarrik desblokeatzen laguntzen dizu, eta "ez inertziaz, automatismo gisa sartu eta gero zer egin nahi duzun pentsatu beharra saiheste aldera".