ADEL arte eszenikoen topaketarako izen-ematea zabalik da

Irailaren 20tik 25era izango da Aulestin eta Ander Lipus, Olatz Gorrotxategi eta Manex Fusch arituko dira irakasle lanetan, besteak beste.

ArteDrama Euskal Laborategia (ADEL) arte eszenikoetan euskaraz aritzen direnen topagunea da; aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleei eskainitakoa. Topaketa Euskal Herriko arte eszenan murgilduta daudenen arteko eztabaidak izan eta jakintza eta elkartrukea sustatzeko asmoz antolatzen dute. Irailaren 20tik 25era izango da Bizkaiko Aulesti herrian eta 48 orduko iraupena izango du. Tailerrak izango dira sei irakasleren eskutik eta ikastaro guztiak euskaraz izango dira. Matrikula 450 eurokoa da, lotarako lekua eta otorduak barne.

Tailerrak emango dituzten sei irakasleek euren esperientzia eta jakintza partekatuko dute parte-hartzaileekin eta bakoitzak zortzi ordu izango ditu horretarako. Ander Lipusek aktoreentzako hainbat tenikatan sakonduko du, pertsonaia bat sortzeko beharrezko diren tresnekin. Inprobisaziorako tartea izango da Lipusen saioetan. Olatz Gorrotxategik testu klasikoetatik abiatu eta antzerki garaikidearen baliabideak aztertu eta praktikan jarriko ditu. Patricia Urrutiak, berriz, jolasa ekarriko du eta norberarenganako eta besteenganako konplizitatea, entzutea eta konfidantza landuko ditu bertaratzen direnekin. Manex Fuschek antzerki jokoa jarriko du martxan eta maitasunaren hiru egoera hartuko ditu horretarako: lehen hitzordua, maitasun froga eta bereizketa. Ruth Guimerak interpretazioa bizitzen ikastea bezalakoa dela erakutsiko die, norbera izan behar dela bere bizitzaren sortzaile eta jabe. Azkenik, Matxalen de Pedro eta Igor de Quadrak entrenamendu psiko-fisikoa proposatuko dute, non tradizioak eta sorkuntzak elkar elikatuko duten. 

Ikastaroaren inguruko xehetasunak euren webgunean topa daitezke.