Abuztuaren 4an izango da Donostiako 'Glad is the Day' musika jaialdia
Estilo anitzeko musika emanaldiak, eta bestelako jarduerak izango dira eguerditik gauera.
Egia Kultur Etxeak, Dabadabak eta Le Bukowskik antolatutako Glad is the Day jaialdian hamabost talde edo artistek hartuko dute parte, abuztuaren 4an. Doako kontzertuez gain, DJ saioak, piknikak, azoka eta haurrentzako jarduerak ere izango dira, eguerdiko hamabietatik gaueko bederatziak bitarte.
Rap/reggae, rocka, popa edo punk estiloak izango dira, besteak beste, Agertoki Nagusian. Hondamen Sonikoan, berriz, trapa, hip-hopa eta soinu urbanoenak izango dira. Horretaz gain, Le Bukowski eta Dabadaban Dj gehiago egongo dira abesti onenak aukeratzen.
Agertoki Nagusian zazpi talde hauek arituko dira: La Ola Maldita, Alcalá Norte, Erromintxelak, La Txama, Mágia Bruta, Ibil Bedi eta Silverio. Hondamen Sonikoa agertokian izango direnak hauexek: Makeda (Dj), 1111 (Live), Alai (Live), Sara Goxua (Dj), Kalipotxo (Live), Sixsex (Live), Alta (Dj) eta Sofy Suars (Dj).
Iaz bezala, jaialdiaren aurretik, abuztuaren 3an, musika hitzordu bat izango da, Gladis Aperitifa. Musikagela zerbitzuko talde bat arituko da Tabakalera kanpoaldeko Nestor Basterretxea plazan, 19:00etatik aurrera.
Bestalde, azoka ere izango da jaialdian eta hainbat dendatako 50 postu izango dira, hala nola vintage dendak edo tokiko talentuen sorkuntzak.