Abian dira
Han eta hemen iragartzen ari direnez, auto elektrikoen iraultzak bete-betean harrapatuko gaitu hasi berri den urtean. Iragarpenak bete edo ez, argi dagoena da galdera eta zalantza asko ekarriko dituztela atoian. Egia al da ez dutela batere kutsatzen? Zenbat balio du kotxe elektriko batek? Giltza sartuta, bideari ekingo diogu.
Kalerik kale ikusten ditugun autoekin alderatzen baditugu, auto elektrikoak antzeko samarrak dira, nahiz eta modelo batzuen kanpoaldeko itxura deigarria den. Jakina, lau gurpildunak izaten jarraituko dute, bolanteari eragin beharko diogu ezkerrera edo eskuinera bira egiteko, edo besterik gabe zuzen jarraitzeko. Eta azeleragailua, balazta eta enbragea oinaz zapaltzen jarraituko dugu. Alde nagusia beste bat da: gasolina edo gasoleoarentzat ez dute tokirik izango. Bai, aldiz, argindarrera lotzeko zirrikitua. Think City, Mitsubishi i-Miev, Peugeot iOn, Nissan Leaf Berandu baino lehen izen horiek ezagunak egingo zaizkigu. Edo behintzat ez gaur egun bezain arrotzak. Gasolina litroez hitz egin beharrean, kilowatt-ak izango ditugu ahotan.
Erakundeek emandako datuen arabera, hamar urte barru energia elektrikoak eraginda mugituko diren 45.000 kotxe inguru izanen dira Hego Euskal Herrian. Epeak betetzen badituzte, laster agerikoak izango dira lehen arrastoak: 'elektrolindegiak' edo bateriak kargatzeko guneak. Joan den urtean aurrenekoak jarri zituzten Euskal Herrian, etorriko denaren aurrerapen gisa. Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban 225 ipiniko dituzte bi urtean. Ez dituzte ipiniko gasolindegietan; merkataritza guneetan eta aparkalekuetan paratuko dituzte, batik bat. Denboraren poderioz, etxeetako garajeetan ere ipintzea dute buruan agintariek, nork bere etxearen teilatuan telebistako antena instalatzen duen moduan. Beste batzuen artean, hotelek ere eman ahal izango dute zerbitzu hori. Bi urteren buruan bateriak kargatzeko 225 gune. Eta zenbat kotxe? 400 auto elektriko ibiltzea espero dute betiere Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, eta horiek amu gisa erabili nahi dituzte apurka-apurka erosle potentzialak erakartzeko. Eta denboran pixka bat gehiago aurrera egiten badugu, zer? Ba, 2020rako 41.000 auto elektriko aurreikusi dituzte EAEn. Herri batzuetan azeleragailua zapaltzen ari dira. Ataunen, esate baterako, berandu baino lehen alokatu ahal izango dituzte herritarrek Udalak eskuratu dituen ibilgailuak.
Nafarroan ere agintariak izaten ari dira ahotan auto elektrikoak. 2015erako 1.200 kotxe izatea espero dute, 10etik bat, eta ibilgailu mota honen erabilera sustatzeko, Iruñean TAO guneetan ez dutela ordaindu beharrik izango jakitera eman berri dute. Geratu arestiko datuarekin: 50.000 auto hamar urteren buruan Hego Euskal Herrian.
30.000 eurotan
Bada datu dantza hori auzitan jartzen duenik. Autogintza alorreko iturriek ohartarazi dute beharbada mende erdia beharko dela auto elektrikoak garatzeko eta zabaltzeko. Eta erakundeek ere bultza egin beharko dute nabarmen. Energiaren Euskal Erakundeak, bere aldetik, aitortu du autoaren beraren prezioak uxatu ditzakeela erosleak. Volkswagen Alemaniako autoetxeko zuzendaritzako kide batek, baina, esan berri du ibilgailuon prezioa asko jaitsiko dela bost urteren buruan, asko ekoitziko dituztelako eta bateriak asko garatuko dituztelako. Hori gertatu bitartean, nekez erosi ahal izango da auto bat 30.000 euro baino gutxiago ordainduta Hego zein Ipar Euskal Herriko herritarrek 5.000-6.000 eurorainoko diru laguntza izango dute mota horretako ibilgailua eskuratuz gero. Prezioaz gain, ibilgailuen autonomia, edo kargatu gabe burutu dezaketen bidea da hobetu beharreko beste esparrua. Izan ere, ñabardurak ñabardura, 160 kilometro egin ditzakete, bateria betetzeko geldialdirik egin gabe. Beraz, orain ezinezkoa litzateke Donostia eta Bilbo arteko joan-etorria egitea autoaren bateria kargatu gabe 200 kilometro inguru dira guztira.
'Elektrolindegiak' eta gasolindegiak
Nola funtzionatzen dute 'elektrolindegiek'? Autoaren bateria betetzea sakelako telefonoarena edo argazki kamerarena betetzea bezalakoa da. 6 eta 8 ordu artean edo 50 minutuz egon beharko du autoak entxufatuta bi aukera horiek daude. 'Elektrolindegi' hitza aipatzean gasolindegia etor dakiguke burura, baina ez dute antzik; elektrolindegiak zutoin modukoak baitira.
Kotxe elektrikoak askoz garbiagoak omen dira, ez dute CO2rik igortzen. Hori benetan hala izango den jakiteko, Real Club Vasco Navarroko kideek euren ikuspegia eman digute. Bai, kutsadura ez da auto arruntek sortzen dutenaren parekoa izango, ezta urrutitik ere. Baina kutsadura zero izango dela esatea gehiegizkoa iruditzen zaie. "Ezin da ahaztu nork bere garajean bateria kargatzeko gertuko zentral elektrikotik hartu behar duela energia hori, eta energia hori sortzerakoan bai kutsatzen da".
Eta gasolindegiek, zer? Mehatxua izango al dira haientzat auto elektrikoak? Oraingoz urrun ikusten dituzte. Ez dituzte haien motor hotsak entzuten. Erakundeak eta energia berriztatzaile enpresak ziurtatzen ari dira askoz merkeagoa izango dela bateria betetzea biltegia gasolinaz berdintzea baino. Hona hemen haien adibidea: Gaur egun 100 kilometro egiteak sei euro inguruko kostua du, baina elektrizitatearekin, bide hori egiteko euro eta erdi ordaindu beharko da. Gasolindegi batzuk, behintzat, zalantzati daude horren aurrean. "Egia da petrolioa oso zikina dela, eta agortzen ari dela, baina oso merkea da. Gertatzen dena da zergaz josita iristen zaigula. Ikusiko dugu ez ote dizkioten elektrizitateari zergak jarriko".
Nork hil zuen auto elektrikoa?
Lehendabiziko auto elektrikoak XIX. mendean sortu zituzten, eta 1840 urtearen bueltan Robert Anderson eskoziarrak lehenengoa egin zuen. XX. mendearen hasieran, AEBetan Anthony Electricek, Bakerrek, Detroitek, Studebakerrek eta beste zenbait autoegilek zabaldu zituzten kotxe elektrikoak. XX. mendearen 30ko hamarkadan, ordea, gasolinaren eraginez mugitzen ziren motorrak nagusitu ziren, besteak beste Henry Fordek indarrean jarritako kate ekoizpenak asko merkatu zituelako. Horren ondorioz, auto elektrikoak bazterrean geratu ziren. Who killed the electric car? (Zeinek hil zuen auto elektrikoa?) dokumentalak AEBetan azken bi hamarkadetan auto elektrikoa ostera ere bultzatzeko ahaleginek zergatik egin zuten porrot azaltzen du. Petrolio konpainia handien, George Bush buru zuen Gobernuaren eta auto etxeen beraien azpijokoengatik. Petrolio konpainiek, esaterako, ez zuten euren nagusitasuna galdu nahi. Eta auto etxe batzuk kotxe elektrikoa garatzen ari baziren ere, konturatu ziren lan hori euren mozkinak handitzeko traba izan zitekeela, motor elektrikoek gehiago irauten dutelako.
"Hiriko" autoa, Herbeheretan?
Herrialde bakoitza bere bidea urratzen ari da arlo honetan. AEBetan, autoak inongo entxuferik gabe nola kargatu aztertzen ari dira. Londresko alkateak, bere aldetik, iragarri du 2015ean biztanle guztiek izango dutela autoaren bateria kargatzeko gune bat etxetik milia batera edo gertuago.
Parisen, bestalde, bizikletekin egiten duten moduan, alokairuan hartzeko sistema jarri nahi dute indarrean urtea bukatu aurretik. Hilean 15 euro ordaintzen duenak hiriko zenbait tokitan aparkatuta egongo diren automobiletako bat erabili ahal izango du. Ordu erdiko bost euro ordaindu beharko ditu, eta ziurtatua izango du aparkalekua. Hori da, hain zuzen ere amua: aparkatzeko toki preziatua. Herbeheretan, bestalde, euskarazko izenadun autoa nagusi liteke, Arabako Teknologia Parkean garatzen ari diren Hiriko izeneko autoa. Bi lagunentzako tokia du, 50 kilometro orduko abiadura izango du eta 120 kilometro egin ahal izango ditu hustu aurretik. Auto txikia izanik, oso egokitzat jotzen dute postarientzat, etxerik etxe dabiltzan sendagileentzat edota garraiolarientzat.
Mondragon Taldea ere auto elektrikoaren garapenean murgilduta dabil, Mondragon City Car izenekoa da bere kumea.