Abian da Spraikada 09

Dagoeneko abian da Spraikada 09, Euskal Herriko Graffitti Lehiaketa.  Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak, eta Mutrikuko Udalak aste honetan aurkeztu dute. Aurtengoak 6. edizioa du eta finala Mutrikun ospatuko da aurreko edizioetan Mendaro, Getxo, Tolosa, Gernika-Lumo eta Erandiotik pasa eta gero.


Arestian aipatu bezala, Mutrikun ospatuko da aurtengo Spraikadaren finala. Uztailaren 18an izango da, larunbatarekin. Antolatzaileek 7x2 metroko hamar pareta zati prestatu dituzte finalistek euren lanak bertan irudikatu ditzaten.
Horren aurretik baina, parte hartzaile bakoitzak egin asmo duen graffitiaren zirriborroa aurkeztu beharko du ekainaren 30a baino lehen. Ondoren, epaimahaikideek hamar onenak aukeratuko dituzte.
Sariei dagokionean, 1.500, 1.200 eta 900 euroko sariak eskuratuko dituzte lehen hiru sailkatuek. Horrez gain, aukera paregabea izango da graffitien mundua hobeto ezagutu eta graffiteatzen ikasteko, tailerrak eta bestelako jarduerak ere izango baitira. Lehiaketari buruzko informazio gehiago jasotzeko klikatu hemen.
Kaleko artea
Grafittigintza kaleko artea da, auzoetan sortu eta hazia. Hitza bera, latineko graphiti hitzetik dator eta zerikusi zuzena du hormetan egiten diren markekin. Baina egun graffitti bezala ezagutzen dugun arte-espresioa aurreko mendean sortu zen. 60ko hamarkadan eta AEBetako auzo txiroetan, zehatz esateko.
Urte gutxiren buruan AEBetatik mundu osora zabalduko zen protesta eta ikusgarritasuna ezaugarri nagusi dituen arte mota hori.
Euskal Herriari dagokionean, graffitien kultura gurera 90eko hamarkadaren hasieran iritsi zela esan daiteke. Negu Gorriak taldearekin batera zabaldu zela esatea gehitxo litzateke agian, baina ezin uka daiteke Irungo taldeak graffitigintzaren zabalkundean izan zuen eragina. Gogoratu besterik ez dago Fermin Muguruza eta koadrilaren lehen bideoklip eta lanetan graffitiek zuten presentzia.