Abian da Piraten Aste Nagusiko musika lehiaketa

Musika talde hasi berriei merezi duten lekua eskaintzea hasieratik izan da piratentzat garrantzitsua. Horregatik, aurten ere bai, musika lehiaketa antolatu dute hiru irabazleek kontzertua eman ahal dezaten abuztuaren 17an Trinitate plazan.


Bereziki Donostia eta inguruetako (Oarsoaldea zein Buruntzaldea) talde gazteei zuzenduriko lehiaketa da, baina soilik maketak edo disko autoekoiztu bakarra argitaratu dutenentzat, hasiberriak baitira honetan protagonista. Parte hartzaileek gutxienez hiru abesti bidali behar dituzte taldeari buruzko oinarrizko informazioarekin (biografia laburra, argazkia eta kontakturako bidea) batera izanpirata@gmail.com helbidera abuztuaren 9a baino lehen. Hizkuntzari dagokionean, euskaraz abesten duten taldeak lehenestea finkatu dute piratek eta, horregatik, hiru irabazleetatik gutxienez bi euskaraz abesten dutenak izango dira. Epaimahaiak (musika adituek eta Donostiako gazte mugimenduko pertsonek osatua) aukeraturiko hiru bandek kontzertua jotzeko aukera izango dute abuztuaren 17an (asteartea).

Informazio gehiago aurki dezakezu www.izanpirata.infogunean.