Abesteak osasunarentzat dituen onurak
Abestea gustuko baduzu, jarraitu horretan, onura ekarriko baitizu, batez ere besteekin batera eginez gero.
Musikak badu gure bizitzan tokia, batzuenean gehiago eta besteenean gutxiago. Euskal Herrian ohikoa izan da familia, lagun edo herrikoen arteko otorduetan elkarrekin abestea, gero eta gutxiago egiten den arren. Hala ere, festetan, Euskal Herriko ekitaldietan, Kantu Jiretan... ez da musikarik eta kanturik falta izaten.
Merezi du ohiturari eusteak, izan ere, abesteak onura asko ditu, bereziki taldean edo komunitatean egiten bada. Elkarren arteko batasunerako, kohesiorako, balio dezake. Elkar ezagutzen ez duten pertsonen arteko loturak sor ditzake elkarrekin ordubetez abesteak. Elkartasuna eta komunikazioa sustatzen ditu beraz.
Bestetik, abesteak estresa murriztu eta aldartea hobetzen laguntzen du, endorfinak askatzen direlako. Poz eta lasaitasun sentimendua handitzen du. Horretaz gain, arnasketa sakona lantzen da eta biriken gaitasuna handitzen da. Horrek gorputzaren oxigenazioa hobetzen du.
Letren eta doinuen bidez kontzentrazioa eta memoria lantzen da. Bestalde, autoestimua eta konfiantza indartzen du abestean ikasteak edo jendaurrean kantatzeak.
Sormen adierazpide gisa, emozioak eta ideiak adierazten laguntzen du, modu sortzaile eta entretenigarrian.
Hortaz, ez lotsatu, eta ekin kantuari!