Abesbatzen emanaldiak Donostian eta Tolosan

Bost emanaldi eskainiko dituzte Gipuzkoako hiriburuan Abesbatzen Astean. Tolosan abesbatzen lehiaketa egingo dute asteburuan.

Donostia Kulturak, Abesbatzen Astearen edizio berri bat antolatu du Tolosako Ekinbide Etxearen laguntzarekin. Bost emanaldi egingo dituzte guztira bihartik hasi eta azaroaren 3ra, Altzan, Loiolan, Grosen, Ibaetan eta Amaran. Donostiarrengan musika korala sustatzea du helburu aste honek.

Talde koralen "aniztasuna eta aberastasuna" nabarmendu dute antolatzaileek. Suedia, Alemania eta Bartzelonatik etorritako bost talde bokalek parte hartuko dute kontzertuetan eta bere programetan musika erlijiosoa zein herri-musika eskainiko dute.

Urriaren 27an Suediako Sofia Vokalensemble abesbatza arituko da Groseko San Inazio parrokian. Bengt Ollenek sortu zuen abesbatza Stockholmen, eta egun bera da taldearen zuzendari artistikoa. Bere emanaldietako ezaugarri nagusia abesbatza-soinu suediarra da, hau da, soinu goxo eta lirikoa, eta nazioarteko eszenan ezagun egin da bere taula gaineko presentziagatik.

Urriaren 28an bi emanaldi izango dira. Bata Alemaniako Sjaella-rena izango da, Ibaietako Espiritu Santuaren parrokian. Sei abeslarik osatzen dute taldea, eta moldakortasuna da euren ezaugarri nagusia. Aniztasun musikala maite dute, zaleekin harreman estua dute eta hainbat lehen sari irabazu dituzte nazioarteko ahots musika lehiaketetan. Bestea, berriz, Alemaniako Qartonal abesbatzak eskainiko du, Altzako San Martzial parrokian. Laukoteak Alemania iparraldean ditu bere erroak, hain zuzen, Ueterseneko Haur Abesbatzan, eta herrialdeko ahots talde famatuenetako bat da gaur egun. 

Ostiralean, hilak 29, Bartzelonako Cor Bruckner arituko da Amarako Karmeliten elizan. 22 emakume eta 18 gizonez osatutako taldeak XX. eta XXI. mendeetako a cappella errepertorioa jorratzen du eta sari ugari jaso ditu azken urteotan Julia Sesék zuzendutako abesbatzak. 

Azkenik, Suediako VoNo izango da azaroaren 3an Loiolako Jesusen bihotza parrokian. Suediako abesbatza-tradizioan ditu bere erroak eta oso errepertorio anitza du, musikaren historiako ia aro guztietako piezak barnebiltzen dituena eta arreta berezia eskaintzen diena musika nordikoari, garaikideari eta inprobisazio-musikari.

Emanaldi guztiak 20:00etan izango dira, Amarakoa izan ezik, hura ordu eta laurden geroago hasiko da. Sarrera doakoa izango da. 

Abesbatzen lehiaketa Tolosan
Tolosako Abesbatza Lehiaketaren 52. edizioa egingo dute asteburuan, urriaren 29tik azaroaren 1era. Aurten, Estatu Batuetatik, Hungariatik, Letoniatik, Estoniatik, Norvegiatik, Kataluniatik, Madriletik eta Euskal Herritik etorritako ganbera abesbatzekin egingo dute nazioarteko lehiaketa. Gainera, nazioarteko jaialdia ere egingo da Suedia, Irlanda, Alemania, Letonia, Asturias eta Euskal Herriko abesbatzekin. Hemen jaso dute egitarau osoa.