Abandonatu dituztela ez sentitzeko, txakur eta katuek beilatokietan haien bizikideak agurtzeko aukera izatea
Etxeko maskotek pertsona hori lehen bezala ez dagoela eta egoera berrira egokitzen hasteko bidea
Txakurrekin edo katuekin bizi den pertsona hiltzen denean, etxeko maskotentzat hutsune handia sortzen da. Bat-batean desagertu egiten da pertsona hori eta zer gertatu den ez dakitenez, abandonatu egin dituztela senti dezakete. Azalpenik gabeko hutsune horren ondorioz, alerta egoeran egon daitezke, estresatuta, ate aurreko edozein soinuren aurrean erreakziona dezakete, eta etengabe haren bila ibil daitezke.
Izan ere, animaliek ere dolua igarotzen dute, pertsona horren hutsuneak eragin egiten baitie. Txakur askok janariarekin, loarekin eta eguneroko jarduerekin lotutako gorabeherak izaten dituzte. Katuek ere bakardaderako joera izan dezakete, gutxiago jolas egin eta bizikidearen bila ibil daitezke etxean zehar.
Egoera hori ikusita, zenbait tokitako beilatokietan edo hilerrietan maskotei nolabait agurtzeko edo etapa ixteko aukera ematen diete. Espazio pribatu bat sortuz, pertsona horren gorpuarengana inguratzen uzten diete, beti ere aditu baten edo ingurukoen begiradapean. Egoera lasai batean gorpuarengana gerturatzean, txakurra edo katua berehala jabetzen da pertsonak ez duela erreakzionatzen, eta ez duela estimulu kimikorik eta ezta erantzuteko gaitasunik ere.
Hori bai, beharrezkoa da animaliaren nahia errespetatzea. Ez da gorpuarengana hurbiltzera behartu behar, eta hark erabaki behar du distantzia eta hartu-emana nolakoa izango den. Behin hala, usaimenak emango dio behar duen informazioa, eta pertsona hori ez dagoela onartu eta egokitzen hasteko prozesuari helduko dio.