Aaron E. Eckhart: Kamaleoi ilehoria
Enpresa informatiko entzutetsu bateko exekutibo esanguratsua izan zen bere aita. Ondorioz, Aaron Eckhart oso goiz bilakatu zen munduko hiritar. Nerabea baino ez zela, Erresuma Batura joan zen bizitzera gurasoekin. Geroago, Australia, Frantzia eta Suitzan ere hartuko zuen aterpe estatubatuar deserrotu honen familiak. Diru faltarik ez zuenez, munduko bazter guztietan ibili zen mutila. Atenasko udaberriak, Moskuko neguak eta Parisko udak ezagutu zituen, gazte-gaztetatik. Marcello Mastroianniren "Dolce vita" laketgarri hark, ordea, akitu egin zuen erabat. Hala, aberaskumearen asperrak jota, independentziaren bide gazi-geza hautatu zuen.
AEBetara itzuli ostean, zinemaren mundu ilunean murgildu zitzaigun. Aitaren dolar distiratsuen babesik gabe, zinema industriaren mailarik apalenean hasi zen lanean. Zinema txiki bateko aretozain gisa, alegia. Sasoi hartan film askotxo ikusi zituen arren, ezin esan oso baliogarriak izan zitzaizkionik aktore izaera trinkotzeko. Zinema areto hartan ematen zituztenak ez zirelako kultuko filmak. Hantxe, ehun aldiz ikusi omen zuen "Crocodile Dundee". Pelikulatxo hura, behintzat, ezinbestekoa gertatu zitzaion Hollywoodeko krokodiloen hozkadak saihesteko.
Telesail kaskarretan bere lehen urratsak ematen zituen bitartean, Brigham Young University ospetsuan aritu zen ikasle. Bertan, Neil LaBute zinemagilearen adiskide mina egin zen. Hiru urte geroago, LaBute berak estreinako rol nagusia eskaini zion Aaron Eckhart atseginari "In the Company of Men" komedia mikatzean. Chad ankerrak berehalako ospea ekarri zion Eckharti. Eta, hala, LaButeren aktore fetixa bihurtzeaz gain, Oliver Stone, Steven Soderbergh eta Sean Penn zinemagile iradokitzaileekin lan egiteko aukera ere izan du azken urteotan.
Neskazalea den arren, ez du neska-lagunik. Emily Cline aktore erakargarriarekin apurtu zuenetik, bederen. Maitalerik, ordea, ez zaio falta. Intimitatea da, ostera, bere maitalerik finena. De Niroren eskolako aktorea da Aaron Eckhart. Interpretatzen dituen pertsonaien larruan lokazten den aktore-kameleoi benetakoa, zinez. Zi-nema izar bihurtu nahi ez duen zinema izarra.
Nortasun Agiria
Izena: Aaron E. Eckhart.
Jaioteguna: 1968-III-12
Jaiolekua: Cupertino (Kalifornia).
Neska-laguna: Emily Cline aktorea zen, baina apurtu du maitasun harremana.
Zaletasunik maiteenak: Surfa eta eskia.
Film ikusiena:"Crocodile Dundee" (Peter Faiman).
Hiri bat: Paris.
Adiskide min bat: Neil LaBute zinemagilea.
Esaldi bat: "Ez dut zinema izar izan nahi".