"80 egunean"

Patuak 50 urte eta gero elkartu ditu Axun eta Maite, eta gaztetan elkarrekiko zuten kimika berezi hura berpiztu zaie orain, 70 urteren bueltan dabiltzanean. Hilaren 21ean estreinatuko dute hego Euskal Herriko aretoetan Jon GaraÑo eta Jose Mari Goenaga zinemagileen azken film luzea: " 80 egunean" , desira eta beldurren mundura abentura. 


Zergatik ez du zinemagintzak apenas jorratu adineko bi emakumeren arteko amodio istoriorik? Galdera hori bera zuten Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendari gipuzkoarrek buruan dantzan, eta hutsunea betetzeko euskarazko lehenengo adreilua ipintzera doaz.

Sentsazionalismotik, dramatik eta topikoetatik ihesi, naturaltasunez –eta euskaraz– kontatu dute Axun eta Maiteren artekoa; desirak egi bihurtzeko ausardiarik ez edukitzea kontu unibertsala delako eta, beraz, ez duelako artifiziorik behar.

Bizitza osoa baserri giroan darama Axunek, eta ia bizitza osoa betiko senarrarekin: Juan Marirekin. Agian egunerokotasunak anestesiatuta daukalako, baina zoriontsu bizi da, seguru aski bestelako errealitaterik otu ere ez zaiolako egin. Baina auto istripua eduki duen suhia ospitalean zaintzera eraman dute zirkunstantziek eta bertan, ezustean, nerabezaroko lagun mina ikusi du 50 urte eta gero: Maite, emakume ireki eta modernoa. Elkarrekiko sentitzen zuten zer edo zer berezi hori irten da lozorrotik bat-batean eta, nerabeen tankeran, gustura dabiltza ardura eta kezka oro ahantzita hemendik hara. Harik eta Maitek aitortza egingo dion arte: Axunekiko sentitzen duena ez da adiskidetasun hutsa.

Zalantzek eta ikarek irentsiko dute orduan baserrikoa. Zer egin? Buruari entzun? Ala bihotzari?

Garañok eta Goenagak argi zuten filmak hurbilekoa behar zuela izan, ikuslea konplize bihurrarazi. Hortaz, estilo klasikoaren alde egin dute apustu, xalotasunak protagonistak dakartzalako lehen planora. Zinemagintzan orain arte aritu gabeko bi aktore hautatu dituzte gainera. Itziar Aizpuru –Axun– Goenkalen hiru denboraldi egin zituelako zaigu ezaguna, baina Martin telesailean eta Itsasoaren urdina telefilmean aritutakoa ere bada, baita hainbat produkzio espainiarretan ere. Mariasun Pagoagak –Maite–, bestalde, amateur antzerkigintza egiten du eta hauxe du bere lehenengo harremana ikus entzunezkoen munduarekin.

Emaitza hilaren 21etik aurrera izango duzue ikusgai aretoetan.

Jon Garaño (Donostia, 1974)



Kazetaritzan eta publizitatean lizentziatua, zinemagintza ikasi zuen Sarobe eta San Diegoko (AEB) eskoletan. 2001az geroztik, besteak beste, J.M. Goenagarekin batera sorturiko Moriarti ekoiztetxean dihardu zuzendari eta gidoilari gisa. Bere film laburrek 90 sari baino gehiago lortu dituzte eta bere dokumentalak 15 herrialde baino gehiagotan eman dituzte. 

Jose Mari Goenaga (Ordizia, 1976)



Enpresaritza ostean zinemagintza ikasketak Saroben burututa, Moriarti etxea sortu eta bertatik dabil lanean. Hala nola, Supertramps (2004) 140 sari baino gehiago bildu dituen animaziozko film luzeak eta Lucio (2007) Goya sarietarako dokumental onenaren izendapena jaso zuen lanak osatzen dute bere filmografia oparoa.

Pozik azken emaitzarekin?
Gure ikuspuntua arraroa da, filma bera baino gehiago akatsak ikusten ditugulako. Baina, bestalde, publikoaren erantzunarekin oso kontentu gaude, badirudi gure intentzioa transmititzea lortu dugula eta jendeari gustatu zaiola.

Gizarteak oraindik, tamalez, guztiz asimilatu ez duen gai bati heldu diozue, zinemak gutxitan jorratu duena gainera. Ez da erronka xamurra. Nola kudeatu dituzue zailtasunak?
Bagenekien aurreiritzi pila bateri egin beharko geniola aurre, eta horretarako gure arma naturaltasuna izan zitekeela. Planteatu ditugun egoeretan edozeinek identifika lezake bere burua. Gainera, tonu alaia bilatu dugu, komedia puntu bat eta argiarekin ere jokatu dugu horretarako, ez genuen pertsonaia tormentaturik nahi.

Iritsiko ahal da halako galderarik egin beharko ez dugun eguna: zer inplikatzen du euskarazko zinema egiteak?
Merkatu txikiago batera jotzea, jakina. Hala ere, film batek, benetan merezi badu, lortzen du muga linguistikoetatik haratago oihartzuna edukitzea. Guk euskaraz egin genuen, batetik, finantzaketa lortzeko errazagoa zelako, protekzionismoa hor dagoelako. Baina, era berean, hemengo errealitatea eta istorio hau islatzeko modu aproposena zelako.

Aretotik aterata, zer gorde beharko luke ikusleak gogoan?
Batez ere, tonu positiboa; orain arte ikusi ez duen zerbait oso gertutik kontatu diotenaren sentsazioa. Eta, bestalde, hausnarketak bideratzea ere gustatuko litzaiguke. Adibidez: non amaitzen den adiskidetasuna eta non hasten den maitasuna.