700 gazte elkartuko dira Bilboko Areatzan egingo den Elhuyar Zientzia Azokan

200 proiektutik gora izango dira ikusgai bihartik igandera bitarte.

Elhuyar Zientzia Azoka bihartik igandera izango da Bilboko Areatzan. Bertan, 12-18 urteko gazteek ikasturtean zehar egindako 200 STEAM proiektu baino gehiago erakutsiko dituzte; bihar, ekainaren 2an, Batxilergoko eta DBH 3 eta 4ko ikasleen 105 proiektu egongo dira ikusgai; larunbatean, ekainaren 3an, DBH 3 eta 4ko 54 proiektu, eta, igandean, ekainaren 4an, DBH 1 eta 2ko 48 proiektu. Guztira, 700 gaztek hartuko dute parte azokan. Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gain, Italiako eta Kataluniako talde bana eta Galiziako beste bost talde ere izango dira. 

Ikertzaileek gazteen proiektuak ebaluatuko dituzte eta igandean sari-banaketa egingo da, 13:30 aldera. Hiru egunetan saritutakoak bilduko dira ekitaldian. Irabazleek honako sari hauek jasoko dituzte: egonaldiak ikerketa-enpresetan, ikasketa-bekak eta azoketarako bidaiak. Arnaitz Fernandez Elias eta Elene Barrutia Loroño gazteak arituko dira aurkezle lanetan. Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.

Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibertsitateek ere badute garrantzia azokan. Izan ere, ikasturte-hasieran, unibertsitate eta zentro teknologikoetako 244 ikertzailek, horietatik 138 emakumeak, eman zuten izena ikasleekin lan egiteko eta azken faseko ebaluatzaile-lanak egiteko.

Elhuyar Zientzia Azokaren helburua gazteen artean zientziarekiko zaletasuna suspertzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea da, azokan ez ezik, baita urtean zehar ere. Aurten, 1.450 gaztek parte hartu dute (horietatik, %52 neskak, %45 mutilak eta % 3 ez-bitarrak), eta 79 ikastetxek.