62. Zinemaldiak atzera begirakoa eskainiko dio Ekialdeko Europari

Eastern Promises. Ekialdeko Europaren erretratua izenburua duen atzera begirakoan Bigarren Mundu Gerra ostean sobietarren eraginpean bizi izan ziren herrialdeetan 2000. urtetik hona ekoitzitako zinema eskainiko du Zinemaldiak.




Aurten, Berlingo Harresia eraitsi zuteneko 25. urteurrena beteko dela probestuz, Ekialdeko Europaren sormen-aberastasuna ezagutzeko parada izango dugu, eta baita bertako azken hamarkadako talentu berriak ezagutzekoa ere. Izan ere 1989az geroztik, Europaren banaketa ekarri zuen Gerra Hotzaren eragina amaitu eta ideologikoki zein kulturalki gainerako Europatik bananduta zeuden herrialde horiek Sobietar Batasunaren mende egoteari utzi zioten. Aldaketa horiek gizartean izan dute eragina, eta ondorioz bertan ekoitzitako zineman islatu egin dira.

Guztira 50 film bilduko ditu atzera begirakoak, eta horietako asko gure herrialdean argitaratu gabeak dira. Azkenik, Matthieu Darrasek koordinatutako liburu batek osatuko du zikloa.Donostia Zinemaldiak antolatzen du Eastern Promises. Ekialdeko Europaren erretratua zikloa, CulturArts-IVAC erakundeak (Valentzia), San Telmo Museoak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia 2016k lagunduta.