55. DURANGOKO AZOKA GARAI BERRIEKIN BAT

Aurten ez da erakusmahairik egongo. Egitaraua jarraitu ahalko da ordea, bai bertan, edukiera mugatuarekin, edo "streaming" bidez. Landako gunea eta Plateruena espazioetan banatuko da 55. edizio berezi hau.

Gerediaga elkarteak hala adierazi du: Aurtengo Duragoko azoka ez-ohikoa izango da. Pasa den ostegunean aurtengo edizioko nobedade nagusiak aurkeztu zituen antolakuntzak Plateruena kafe antzokian. Berritasun ugari azaldu zituzten osasun egoerak baldintzatua. 

Berrikuntza nabarmenena erakusmahaiekin lortutakoa izan da: aurten ez da stand-ik egongo Landako Gunean. Hori ordezkatzeko, Durangoko Azokako webgune dena birtuala sortuko da lehengo aldiz. Honela, kulturzaleek bertan erosi ahalko dituzten Landako gunean aurkitu ezingo diren produktu guztiak abenduaren 4tik 8ra arte: klik egin eta aukeratutako DA! produktu-sorta jasoko du kulturzaleak bere etxean. Honakoa izango da Azokako salerosketa gune bakarra aurtengo edizioan.

Aipatutako azokak edukiko dituen bi espazioetan berriz, diziplina ezberdinetako ikuskizun eta ekitaldiak antolatuko dira: kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak edukiera mugatua izango du eta aldez aurretik erreserbak egin beharko dira. Azaroan jakinaraziko dute antolatzaileek azokako egitarau osoa eta orduan irekiko da publikoak erreserbak doan egiteko aukera ere. 

Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak azpimarratu duenez, guztiontzako segurua den Azoka antolatzea izan da helburua, eta horregatik erabaki da azkenean denda bere osotasunean birtuala izatea eta kultur egitarau presentziala mantentzea, edukiera mugatuarekin. Hamaika egoera posible aurreikusi eta baloratu ditugu. Agian aukerarik errazena zen aurtengo edizioa bertan behera uztea, baina uste dugu kulturak inoiz baino gehiago behar duela Azoka; sortzaileek behar dutela plaza; argitaletxe eta diskoetxeek erakusleihoa; eta jendeak zuzenekoak bizitzea eta nobedadeez gozatzea.

Mujikak gogoratu duenez, Azokako salmentak argitaletxe eta diskoetxeen fakturazioan pisu handia du, Siadecok egindako ikerketaren arabera, %22koa da batez beste, eta, beraz, inoiz baino garrantzitsuagoa da plaza hau eskaintzea.

Aurtengo edizioaren berrikuntzekin batera, kartela era aurketu zen. Ane Pikaza ilustratzaile eta aktorea izan da egilea eta kolorez betetako bihotz bat irudikatu du TaupaDa leloari laguntzeko: Kultura mugimenduan dagoen zerbait dela azaleratu nahi nuen, egoera latzenetan ere kolore biziz loratzen dena.

Kartelean Durangoko Azoka osatzen duten diziplina guztiak agertzen dira: literatura, musika, dantza, ikus-entzunezkoak Bizitzen ari garen egoera grisean kultura gure bizitza loratzen duen taupada izateaz gain, etengabeko eraikuntzan eta sorkuntzan dagoen bihotza garela ere irudikatu nahi izan dut. Eraikuntza horretan guztion partaidetza da ezinbestekoa; arlo guztietako sortzaile, teknikari, eragile zein publikoarena berarena. Denon artean elikatzen dugu taupada amaigabe hori.