50 lagunen arteko bideodeiak WhatsAppen
App-a lanean ari da bideodeien aukerak zabaltzeko.
Egunotan ezagutzen ez genituen hainbat app lagungarri egin zaizkigu lagunekin konektatzeko zein laneko bilera birtualak egiteko; horien artean bereziki ezagunak egin dira, besteak beste, HouseParty, Zoom edota Jitsy. Noski, app berrien zabalkundeak ez die onik egin orain arte komunikazioaren errege zirenei, eta pilak jarri dituzte atzean ez gelditzeko.
Hala, WhatsApp lanean ari da bere bideodeien aukerak biderkatzeko. Egun, app-ak ez du lau lagun baino gehiago aldi berean bideodeien bitartez konektatzeko aukera eskaintzen, baina Wabetainfo-n azaldu dutenez, laster 50 lagunen arteko bideodeiak egiteko aukera eskainiko dute. Nola? WhatsAppetik Rooms app-ra konektatzeko aukera eskainiz.
Hain zuzen, Messenger Rooms Facebooken bideodeietarako app-a da, Mark Zuckerberg-ek sortua, eta 50 lagunekin aldi berean konektatzeko aukera eskaintzearekin batera, ez du denbora mugarik izango Zoomek duen moduan.