48. Heineken Jazzaldiko kartela zurea izan daiteke!
Donostiako jazz hitzordurik garrantzitsuena uztailaren 24tik 28ra izango da aurten, baina jaialdiak jada martxan du kartel ofiziala hautatzeko lehiaketa. Martxoaren 1ean zabaldu zuten epea hilaren 25era arte, eta irabazleak, bere diseinuaren zabalpena ez ezik, 1.200 euroko saria jasoko du.
Europako jaialdi garrantzitsuenetakoa eta tradizio handienekoa da Heineken Jazzaldia. Uztaileko azken astean Donostiak hartuko duen festibalaren kartelaren egile izateak, beraz, badu ohorea.
Hala, Donostia Kulturak abian du aurtengo irudi ofiziala aukeratzeko lehiaketa. Lanak martxoaren 1eko 11:00etatik martxoaren 25eko 19:00ak arteko epean aurkez daitezke www.heinekenjazzaldia.com webgunean, eta bertan kontsulta daitezke, baita ere, oinarriak.
Hautagaietako hamar jendeak aukeratu ahal izango ditu webgune horretan bozkatuz. Beste hamar kartel Heineken Españak hautatuko dtu Heineken Jazzaldiarekin batera. Ondoren, lehen hautaketa hori eginda, epaimahaiak ekingo dio lanari eta berea izango da azken hitza. Irabazleak 1.200 euroko saria jasoko du eta, nola ez, bere diseinua lau haizetara zabaltzeko aukera paregabea.
Antolatzaileek jendearen parte hartzea bultzatu nahi dute nola irudiak bidaltzeko hala bozkatzeko. Horregatik, webguneko hautaketa prozesuan beren botoa ematen dutenen artean Trinitate Plazarako bi abonu eta Heineken Jazzaldiko hotel ofizial batean bi lagunentzako ostatua zozkatuko dituzte.