47 emakume aitzindari ageri dira Iruñean egindako horma-irudian
Zortzi artista eta ia ehun iruindarrek parte hartu dute 173 metro koadro dituen horman egindako lanean.
Aitzindarien Bidea, Lezkairuko izen bereko parkean dagoena, emakumeak izendatzeko sortutako espazioa da, eta "garai, jatorri, arraza eta esparru ezberdinetako emakumeak ikusaraztea helburu duena, guztiek gizarteak hobetzen laguntzeko egindako ekarpenak bistaratze aldera".
Horma-irudi parte-hartzaile hau "historian zehar kultura, arte, hezkuntza edo zientzia arloetan aitzindari izan diren emakumeei egindako omenaldia" dela jakinarazi du udalak: "Emakume horiek irizpide zabalarekin aukeratu dira beren jarduerari, jatorriari eta kronologiari dagokienez, nolabait bide berriak egin zituztelako. Guztiek ireki diete bidea, hainbat modutan, beren garaikideei eta hurrengo belaunaldiei". Hautaketa lanaz arduratu den artista-kolektiboak berak egin zuen, eta "emakume esanguratsuetan oinarritu da, nahiz eta gehienak ez izan oso ezagunak".
Omendutako emakumeak bost kontinenteetako hainbat herrialdetakoak dira: Frantzia, Italia, Espainiako Estatua, Estatu Batuak, India, Peru, Ingalaterra, Alemania, Honduras, Nigeria, Kenia, Japonia, Australia, Errusia, Costa Rica, Mexiko, Egipto, Somalia eta Argentina. Aukeratutako emakumeetatik zortzi nafarrak dira. Emakume horiek aitzindari izan ziren edo dira, eta hainbat alorretakoak: diseinatzaileak, tatuatzaileak, eskubide zibil edo ingurumenekoen aldeko aktibistak, artistak, pintoreak, musikariak, hainbat herrialde eta garaitako gizarteetako erreformatzaileak, zientzialariak, filosofoak, irakasleak, kazetariak, naturalistak, argazkilariak, zinema-zuzendariak, astronautak, medikuak...
Honako hauek dira horma-irudian ageri diren emakumeak: Josephine Baker, Maud Wagner, Sofonisba Anguissola, Rosetta Tharpe, Camino Oscoz, Savitri Phule, Ruth Buendía, Wallada bint al-Mustakfi, Christine de Pizan, Rosalind Franklin, Josefina Castellví Piulachs, Marianne Brant, Berta Cáceres, Malala Yousafzai, Ane Goodall, Funmilayo Ransome-Kuti, Gerda Taro, Maruja Mallo, Teresa Catalán, Wangari Maathai, Harriet Tubman, Carmen Baroja, Eulalia Abaitua, Benita Asas, Maddalen Jauregiberry, Margaret Elizabeth Fountaine, Remigia Echarren Aranguren, Vanessa Bell, Alice Guy, Tazuko Sanake, Vida Jane Mary Goldstein, María Blasco, Valentina Tereskhova, Chavela Vargas, Martija de Jauregui, Hipatia de Alejandría, Lotte Reiniger, Francisca Bartolozzi (Pitti Bartolozzi), María del Villar Berruezo, Murasaki Shikibu, Leyla Hussein, Maddalena Casulana, Azucena Villaflor, Anne Sullivan, Helen Keller, Carmen Amaya eta Sylvia Alice Earle.
Hilabeteetako elkarlana
Iruñeko Udalak 2021eko abuztuan abiatu zuen proiektua eta diziplina ezberdinetako artista-sorta bati egin zion berau diseinatu eta gauzatzeko enkargua. Hainbat hilabetez aritu dira lanean Gabriela Barrio (Tea en la Azotea), Mila García (Similarte), Rebecca Gil, Itziar Goñi, Idoia Iribertegui, Leire Olkotz, Concha Pasamar eta Berta Suescun artistak. Zortzi egileak hainbat esparru-artistikotatik datoz, hala nola, ehungintza edo paper-ebakinak, ilustrazioa, poesia, pintura, eskultura eta diseinua. Iazko urte bukaera aldera, lantegi irekiak egin zituzten, eta laurogei herritarrek ere parte hartu dute lan honen ekoizpenean.
