3D inprimagailuak, etxean
Argazkiak, irudiak eta testu idatziak etxean inprimatzen ditugu ordenagailu ondoan izaten dugun inprimagailuan. Laster, edozein objektu sortu ahal izango dugu 3D inprimagailuak baliatuz.
Gaur egun, argazki bat edo ordenagailuan egindako marrazki bat inprimatzea ekintza arrunta da. Merkatuan paper mota ezberdinak aurki ditzakegu norbere beharren arabera lan bikainak inprimatu ahal izateko. Etxean gure inprenta txikia dugula esan genezake. Baina egun hain arrunta zaigun ekintza hau, duela urte gutxi batzuk pentsaezina zen. Hala, inprimaketaren alorrean aldaketak abiadura bizian gertatzen ari dira, eta ezinezko diruditen hainbat gauza dagoeneko errealitate bihurtu dira hiru dimentsiotan lan egiten duten inprimagailuei esker. Laster etxeetan izango ditugun inprimagailu berritzaile hauen bidez, tamaina ezberdineko objetuak inprimatu ahal izango ditugu.
Funtzionamendu oso erraza dute. Ohiko inprimagailuetan tinta kartutxoek eta paperak betetzen duten funtzioa plastikozko bobina batzuek betetzen dute 3D inprimagiluetan. Bobinetan dagoen plastikoa beroaren bitartez biguntzen da, pasta moldagarri bihurtuz, eta geruzaz geruza, hiru dimentsiotako objetua inprimatzen du. Geruzak zenbat eta finagoak izan, orduan eta xehetasun handiagoko objektuak sortuko ditu. Nolabait esateko, pastelgintzako mahuka batekin figurak egiten diren eran egiten ditu inprimagailuak objektuak. Lehengai bezala erabiltzen den plastiko horrek ezaugarri ezberdinak izan ditzake, sortu nahi den objektuaren arabera.
Teknologia hau lantzen duten enpresak 3D inprimagailuak merkaturatzen hasiak dira, eta denbora tarte laburrean ohiko dendetan izango dira salgai. Momentu honetan ospe gehien duen inprimagailua RepRap izenekoa da. Merkatura atera zuten lehenengotarikoa izan zen, eta muntatuta eros daiteke, edo piezak eskuratu eta norberak etxean muntatu dezake. Gainera, makina autorreplikantea da, hau da, RepRap inprimagailu batekin norberak etxean beste inprimagailu bat egiteko piezak sor ditzake.
RepRap ezagunaz gain, badira merkatuan beste hainbat inprimagailu marka eta modelo ere. Dena den, diru pixka bat aurreztuta izan behar da halako bat eskuratu ahal izateko. RepRap modeloa baino prestazio hobeak dituztenen artean, MakerBot Replicator Mini eta BQ Witbox dira prezioari dagokionez eskuragarrienak; 900 eta 1.700 euro bitartean eskuratu daitezke.
Argi dago, gailu berritzaile hauek etorkizunera begira ate asko irekiko dituztela. Adibidez, norberak diseinatutako jostailuak edota dekoraziorako objektuak etxean bertan sortu ahal izango ditugu, baita apurtu zaigun makinaren baten pieza erreproduzitu ere. Baina eskaintzen dituzten aukera guztien artean bitxiena, momentu honetan, janaria inprimatzea da. Aukera hori ematen du Herrialde Katalanetan sortu duten Foodini izeneko inprimagailuak. Horretarako, aurrez aipatutako plastikozko bobinen ordez, elikagai ezberdinen pasta duten kapsulak erabiltzen ditu.
HARRITU GAITU
RollApp
Hodei konputazioan oinarrituz, aplikazio ugari erabiltzeko aukera interesgarria, tartean Gimp edo LibreOffice.
KATXONDOENA
After Sex (#aftersex)
Selfie argazkiak modan jarri diren honetan, sexua praktikatu ostean ateratako argazkiak publikatzeko jendeak Twitterren erabiltzen duen etiketa.
INFORMAZIO BILA
Ironteck - paper.li
Irontec Bilboko enpresaren paper.li kontua. Software libreari buruzko azken berriak jasotzeko ezin egokiagoa.