3D baldosak koralezko uharriak babesteko
Sai Kung irlan probatu dituzte, emaitza harrigarriekin.
Naturaren suntsipenaren eragile handiena gizakia da, baina batzuetan, gure teknologiak ingurugiroa babesteko ere balio dezake. Halaxe izan da Hong Kong-eko unibertsitatean martxan jarri duten esperimentuarekin; bertako itsas zientzialariak eta arkitektoak elkartu egin dira helburu berari aurre egiteko; koralezko uharriak babestu.
Gauzak horrela, itsas zientzialarien ezagutzei jarraika, Hong Kong-eko unibertsitateko arkitektoek 3D baldosak eraiki dituzte; baldosa hauek koralezko uharrien formak imitatzen dituzte, eta korala babestu eta hazten laguntzeko gaitasuna dute. Baldosa bakoitzak 60 zentimetroko diametroa du, eta 128 baldosa elkarrekin loturik, guztira 40 metro koadroko oinarri sendoa eskaintzen diote koralezko uharriari.
3D inprimagailuekin sortu dituzte baldosak, terrakota buztinarekin. Hain zuzen, material hau bikaina da koralarentzat, moldatzen erraza eta porositate handikoa baita. Esperimentua bi urtez ikertuko dute, eta dena ondo badoa, munduko koralezko uharrietan ere txertatzea aurreikusi dute.