39 emanaldi izango dira Erriberriko Antzerki Jaialdian
Antzerkia, musika, dantza eta zirkua uztartuko dituzte egitarauan.
Erriberriko 24. Antzerki Jaialdia gaurtik abuztuaren 6ra bitartean izango da martxan, eta programazioaren barnean artista gazteak eta artista beteranoak elkartuko dira. Edizio honetan programazioa Tafallara, Beirera eta, lehen aldiz, San Martin Unxera zabalduko da.
Erriberriko Jaialdiak, guztira, 39 emanaldi eta 22 ikuskizun programatu antolatu ditu. Horietatik hamahiru emakumeek sortu, idatzi edo zuzendu dituzte. Zortzi Nafarroako konpainietakoak dira, bi nazioartekoak, bat inklusiboa eta bat euskaraz. Zuzeneko ikuskizunez gain, bi sormen-egoitza, hiru prestakuntza-lantegi eta artista eta kazetarien arteko hiru topaketa egingo dira.
Ane Pikaza eta Maria Goiricelaya arte-zuzendarien hitzetan, programazioak "belaunaldi guztiei, publiko guztiei eta gure mundua astintzen duten arazo guztiei begiratzen die. Nafarroako eszena zaintzen eta bultzatzen duen jaialdia da, Espainiako zein nazioarteko jaialdi handien arteko bide temati eta ausartari jarraitzen diena. Berdintasuna sustatu eta inklusioa besarkatzen duen jaialdi parekidea eta feminista, normaltasunetik desberdintasunaren balio artistikoa aldarrikatzen duena. Aniztasunaren eta askatasunaren etxea”.
La Cavako eta kaleko emanaldiak
Hamabi ikuskizun izango dira La Cavan, 22:00etatik aurrera. Gaur, Lydia Cachoren La infamia ikuskizuna eskainiko dute, José Martret-en zuzendaritzapean eta Marina Salas-ek interpretatuta. Bihar, Alessandra García konpainiak Mujer en cinta de correr sobre fondo negro lana aurkeztuko du, eta igandean, Cross Border-en Casa lana emango dute, Lucia Mirandaren dramaturgia eta zuzendaritza duena.
Honako lan hauek ere ikusi ahal izango dira bertan, besteak beste: Miguel Goikoetxandia Persefone, Jon Iraizoz nafarraren Simulacro, La Congregación Teatroren Solo me acuerdo de eso, Teatro en Viloren Man Up, Xavier Bobes eta Alberto Conejeroren El mar. Visión de unos niños que no lo han visto nunca, eta Producciones Maestras-en La malpagá.
Herriko kaleetan ere izango dira ikuskizunak. Gaur, Vero Cendoyaren La Partida lana eskainiko da. Ibilbide luzeko dantza eta futbol pieza bat da; bost dantzari, bost futbolari, futbol-zelai bat eta arbitro bat agertuko dira, arau propioak dituen partida berezi batean.
Lore More nafar konpainiaren Trapu Zikinak lana ere ikusi ahal izango da Erriberriko Errege Jauregiko sarrerako patioan. Gerraosteari, adiskidetasunari, bidegabekeriari, maitasunari eta etorkizuneko desirei buruzko istorioa da, garbitzen aritzen diren hainbat emakumek kontatua.
Beste herrietara zabaldua
Tanttaka Teatrok Sexpiertos lana erakutsiko du Tafallan, hilaren 29an. Maitasuna, sexua, bakardadea eta aurreiritziak hizpide dituen istorioa da, Telmo Iruretak eta Aitziber Garmendiak antzeztua.
Maitane Azpiroz nafar sortzaileak zirkuko eta dantzako Artxipielago pieza aurkeztuko du abuztuaren 2an, Tafalla Kulturgunean.
Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.