3.000 izozki denda Buenos Airesen
Buenos Airesen izozkiak jatea tradizioa da; etorkin italiarrek eraman zuten ohitura hau, eta gaur egun, argentinar guztiek diote hango izozkiak Italiakoak baino hobeak direla. Hiriburuan 3.000 izozki denda daude, eta batzuek kondaira txikiren bat ere badute; Carlos Gardel tango kantariak Saverio dendako izozkiak zituen gustukoen, adibidez. Kontua da, beste esparru batzuetan bezala, izozkienean ere, arrain handia txikia jaten hasi dela, eta poliki-poliki denda txikiak enpresa nagusien esku geratzen ari direla. Kate nagusiak hiru dira, Freddo, Volta eta Persicco, eta lehenengoa finantza sektoreko talde batena da.