23. Korrikaren ibilbidea ezagutu nahi al duzu?
Irundik aterako da martxoaren 14an eta hamar egun geroago amaituko da Baionan, baina bidean zazpi lurraldeetako hainbat txoko zeharkatuko ditu.
23. Korrika Irundik aterako da martxoaren 14an, eta Euskal Herri osoa igaro ostean, Baionan amaituko da, martxoaren 24an. Irundik arratsaldeko lauretan abiatuko da, San Juan plazatik. Lehendabiziko egunean, Gipuzkoa eta Lapurdi artean ibiliko da, eta azken lurralde horretan arratsaldeko bostak aldera sartuko da, Hendaiatik. Goizeko ordu txikietan Nafarroa Beherean murgilduko da Korrika, Donoztiritik. Gau berean, Zuberoara igaroko da eta, bertako hiriburua zeharkatu ondoren, berriro itzuliko da Nafarroa Beherera.
Martxoaren 15ean, ostirala, Nafarroara igaroko da, Azkarate herritik, eta bertan emango du asteburu osoa. Bortzirietatik hasita, Pirinioak izango ditu helburu, eta handik hegoaldera egingo du, Iruñera arratsaldeko bostak eta laurdenetan heltzeko. Ondoren, Erriberako norabidea hartuko du; gero, iparralderantz egin eta, Lodosa zein Lizarra atzean utzita, Arabako lurretan sartuko da Mendialdetik.
Martxoaren 18an, Araba aldez alde zeharkatuko du, eta Gasteiza arratsaldeko zazpi eta erdietan ailegatuko da. Gero, Lautadara abiatuko da, eta goizeko ordu bietan Agurainera helduko da. Martxoaren 19an, asteartea, Nafarroako Sakanan sartuko da, Ziorditik; Altsasu, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Irurtzun aldean ibiliko da lekukoa. Leitza eta Goizueta atzean utzi eta Gipuzkoa aldera egingo du. Hernanitik sartuko dira korrikalariak 20:20 aldera.
Aurreikuspenen arabera, martxoaren 20a izango da lasterketa Gipuzkoako kostaldera heltzerako; gaueko hamabiak aldera iritsiko da itsasertzera: ordurako, Oriora helduta egongo da, ondoren Zarautz eta Zumaiara jarraitzeko asmoz. Debagoiena izango da hurrengo helmuga, eta handik Debabarrenera jarraituko du: Bergara, Elgeta, Eibar, Elgoibar... Goiz osoa Gipuzkoan eman eta gero, Mutrikutik Bizkaia aldera joko du.
Bizkaiko kostaldean ibiliko da ondoren: Ondarroa, Lekeitio, Elantxobe... Gernikan 23:04an agertu arte. Martxoaren 21ean, osteguna, Bermeotik pasatuko da eta Bizkaiko hiriburura, Bilbora, iritsiko da arratsaldeko bostetan. Ondoren, Ezkerraldea zeharkatuko du, eta, gerora, Meatzalde eskualderantz joko du.
Martxoaren 22an Bizkaian ibiliko da euskararen aldeko lasterketa erraldoia baina une batez Araban sartuko da, Artziniega eta Aiaraldea bisitatzeko. Otxandio izango da Bizkaiko azken herria martxoak 23an, larunbatean, gauerdia pasata. Asteburuan iparralderantz joko du beste behin, Goierritik igarota, eta Donostiara helduko da arratsaldeko zazpi eta erdiak aldera.
Azken orduak Gipuzkoatik Lapurdirako bidean izango dira, Nafarroara zertxobait sartuta: Oiartzun, Lesaka, Bera, Sara, Senpere, Biarritz, Angelu... Igandeko gau eta goizean zeharkatuta, Baionara iritsiko da azkenik, eguerdian, 12:30ak aldera. Mezua irakurriko dute ondoren, eta amaierako jai handia 13:30etik aurrera dago aurreikusita.
Kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko dute.
Korrika aplikazioa
AEK-k jakinarazi duenez, Korrikaren aplikazioan itxuraldatu dute eta hainbat atal berri erantsi. Esaterako, Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dauka eta Korrika Laguntzaileen artean egiten diren zozketak eta irabazleak erakutsiko dira bertan. Bestetik, ibilbidea ikus daiteke eta Korrika zuzenean jarraitzeko aukera emango du, eta une oro non dabilen jakiteko.
Horretaz gain, Korrikaren inguruko jakinarazpen eta eta jakingarri garrantzitsuenen berri jaso ahal izango da. IOS zein Android bertsioentzat dago eskuragarri.