23. Korrikaren 'Harro herri' kantua aurkeztu dute
Pop barroko estilokoa da, bere baitan hainbat zati dituena. Bideoklipa ere kaleratu dute kantuarekin batera.
Maite Arroitajauregi Mursego musikariaren gidaritzapean sortu da 23. Korrikaren kantua, Harro herri izenburua duena. Arroitajauregik nabarmendu du berak egindako lanen artean ezberdina egin zaiola, gutxi izaten direlako enkarguz egindako lanak: “Horrek geure buruari muga batzuk jartzera eraman gintuen, baina horrelako kantuekin egon ohi diren inertzia edo ohiturak kolokan jartzera: Korrika egiteko ez dagoela modu bakar bat, ez dagoela kanta bakar bat, bideak badituela gorabeherak eta bihurguneak.”
Pop barroko estiloan kokatu dute abestia. Kantuak sei-zazpi zati ezberdin ditu; kantuaren barruan hiru kanta ezberdin, eta minisinfonia moduko zerbait. “Atea zabaldu diegu azelerandoei, disonantziei, kaos modukoei, keinuei... Eta hainbat kantariren artean abestua egon arren, apenas inor ez nabarmentzeari, masa bat irudikatzeari”, azaldu du Arroitajauregik.
Prozesu luzea izan den arren, gozatu egin dutela gaineratu du musikariak: “Letratik abiatu ginen kantu pop bat egiteko, eta behin hezurdura eta melodia nagusia argi samar genituela hasi ginen konponketak proposatzen eta jolasten, askotariko ideiak botatzen eta eztabaidatzen, ados egon garen arte % 100ean”. Kontuan izan dute horrelako abesti bat publiko zabalari zuzenduta dagoela, eta "berdin balio behar duela umeek abestu eta dantzatzeko, lagunarteko festarako, zein errepidean denok bat eginda oihukatzeko".
Pertsona askok osatutako lantaldeak sortu du kantua. Arroitajauregi aritu da konposizioan, eta bidelagun izan ditu kantua janzten Ibon RG, Kau kori Kura taldeko kideak, Ibil Bedi taldekoak, Aida Torres, Marie Hirigoyen, Asier Ituarte, Garazi Zabaleta eta beste hainbat ahotsetan. Hitzak, berriz, Amaia Astobizak sortu ditu.
Bideoklipa
Bideoa Amaia Badiola Elgezabalek egin du eta, batez ere, aurreko edizioetako artxiboko irudiz osatuta dago: “23 ediziok eta 43 urtek askotarako ematen dute; besteak beste, ikusteko zer nabarmenak diren Korrikan mota guztietako bilakaerak: gizartea, aldarrikapenak, estetika, komunikatzeko erak... baita gauza horiek guztiak jasotzeko teknikak ere”. Denboraren aurrera-egiteak euskararen erresistentzia ere irudikatzen du. “Bideoklipa batzuetan nostalgikoa da, beste batzuetan polita, eta “punkia” ere izan daiteke”, adierazi du Badiolak.