22.Korrikaren unitate didaktikoak sareratu dituzte

Euskaltegietarako eta hezkuntzarako unitateak sortu dituzte AEK-k eta Ikastolen Elkarteak, euskara maila eta adin-tarte ezberdinetara egokituta.

22. Korrikaren unitate-didaktikoen bilduma bi material sortaz osaturik dago: hezkuntza zentroei zuzendutako sorta eta euskaltegietarako dena. Lehenengoari dagokionez, unitateek hezkuntza formalaren etapa guztiak hartzen dituzte, Haur Hezkuntzatik 18 urtera bitartean. Iñaki Zapirain unitateen egileak aipatu duenez, "aurtengo nobedadeen artean ipuin baten bideoa dugu, Pilota gorri batekin ipuina, alegia; Gaizka Chamizo aktorearekin egindako elkarlana. Bestalde, unitateetan aurtengo Korrikaren kanta, dokumentala eta omenduak ere jorratzen dira, eduki bakoitza maila ezberdinetara egokitua". Irakasleek unitate guztiak online landu ahalko dituzte, Korrikaren webgunean.

Unitate didaktiko hauek "bi erakundeen sinergiaren emaitza" direla adierazi du Asier Amondo Korrika arduradunak. Ikastolen Elkarteko kideek sortu dituzte unitateak, baina hezkuntza-zentro guztietan lantzeko modukoak direla azpimarratu dute.

Euskaltegietarako atazak ere aurkeztu ditu AEK-k, euskara maila zein ikas-formatu ezberdinetara moldatuta. Amaia Lopez de Luzuriagak adierazi duenez, "aurten KORRIKAren hainbat mugarriren inguruan sortu dituzte atazak; eta, horrez gain, aberasgarritzat jo du jolas interaktiboen erabilera, hainbat trebetasun lantzeko balio baitu". Bestetik, gurasoentzat sortutako atazak ere nabarmendu dituzte, euskaraz ikasten ari diren guraso eta umeen arteko transmisioan eragitea helburu dutenak.