22.Korrikaren bukaera jaira joateko deia egin du AEK-k
Amaierako ekitaldiaz gain, umeentzako jarduerak, kontzertuak, herri bazkaria, azokak eta beste hainbat ekintza antolatu dituzte.
Donostiako Boulevard Zumardian bukatuko da igandean KORRIKAren 22. edizio honen 2.500 kilometroko ibilbidea. Gipuzkoako hiriburu osoa zeharkatu ondoren, Zurriola hiribidetik sartuko da karabana koloretsua. Amaiera ekitaldia Boulevardean egingo dute, eta, jarraian, festarako garaia izango da. Euskal Herriko txoko guztietako jendea bertaratzeko deia egin dute Korrika arduradunek, eta Donostiako herritarrentzat nahiz eragileentzat "hitzordu ederra" izango dela ere adierazi dute, "euskararen auzian lanean segitzeko akuilua".
Korrikaren lekukoa eguerdiko hamabi eta erdiak aldera iritsiko da Boulevard Zumardira, udaletxearen ondora. Une horretan, lekukoaren barruan doan mezu sekretuaren egilea nor den jakingo da eta baita mezuaren edukia bera ere. Ekitaldi nagusiaren aurkezleak Bagera Elkarteak sortutako Atzean zuloa proiektuaren esketxetan agertzen diren Ivan Aizpurua eta Nerea Aranburu aktore donostiarrak izango dira.
Luix Intxauspe azken eguneko arduradunaren hitzetan, “dena prest dago” Donostiako egun osoko jairako. Festa “handia bezain berritzailea” izango dela aurreratu du Donostiako antolaketa taldeak: gune desberdinetan sakabanatuta, publiko desberdinei begirakoa, egitarauan Donostiako kultur eragileen parte hartzea lehenetsia...
Hainbat ekintza izango dira egunean zehar hiriko hainbat puntutan. Bulebarrean egongo den Etxepare gunean Egunean Behin partida jokatuko da, eta musikarik ez da faltako Zutik elektrotxaranga, Alarma Morea eta Kilimak taldeen eskutik. Alderdi Ederren umeentzako ikuskizunak eta tailerrak izango dira, eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia. Kaian bertako produktuen azoka eta Piratek 20 urte erakusketaz gain, EHko Batukada feminista sarearen eta Axuri Beltza Kultur elkartearen emanaldiak izango dira. Bertsolarien saioa eta Olatz Salvador eta Trikidantz-en kontzertuak ere egingo dituzte kaian. Zuloagan Gipuzkoako gazte sortzaileen sarearen aurkezpen-emanaldia egingo dute, eta Lamiak, Mugan eta ETS taldeen musika emanaldiak ere izango dira. Konstituzio plazan erromeria izango da, Trinitate plazan herri bazkaria, Gipuzkoa plazan artisau eta herri eragileen azoka, eta Sarriegi plazan jatekoa prestatuko dute, txerri sekretua sagar purearekin eta kroketak.
Igandeko jairako pare bat ohar ere egin dituzte. Alde batetik, eraso sexistarik gabeko eguna izatea nahi dutela adierazi dute, eta Korrikan ez dela inolako jazarpenik onartzen: ez matxistarik, ez sexistarik, ez homofoborik, ez arrazistarik, eta ezta inor edonola gutxiesterik ere. Erasoak salatzeko telefonoa zenbakia ere izango da: (+34) 747 443 804. Beste aldetik, garraio publikoa erabiltzeko eskatu dute; tren bereziak eta maiztasun handiagokoak izango direla eta AEKren hainbat euskaltegitan autobusak antolatu dituztela jakinarazi dute.
