2040. urtean jango dugun haragiaren %60 ez da animalietatik eratorriko

A. T. Kearney aholkularitza enpresak burututako mundu mailako inkesta baten arabera, 2040. urtean haragiaren %35 laborategietan sortuko da eta %25 begetarianoen ordezkapen jakietatik eratorriko da.

Honezkero argi dugu denok haragiaren gehiegizko kontsumoa ez dela jasangarria. Ikerketa gehienek argi adierazten dute hartu daitekeen erabaki onena ez jatea dela, edo behintzat haragi ahalik eta gutxien kontsumitzea. Horregatik, zenbait enpresa abangoardistek diru kopuru handia eta teknologia ugari inbertitu dituzte haragiaren zaporea duen eta laborategietan sortu daitekeen materiala sortzeko.

Honek zientzia fikzioa badirudi ere eta oso jangarria ez dirudien arren, aipatutako aholkularitza enpresak egindako txostenaren arabera 2040. urtetik aurrera jango den haragiaren %60 ez da animalietatik eratorriko.

Mundu mailako aditu ezberdinei inkesta bat egin ondoren eta ikusirik haragia erabiltzen ez den elikaduraren industrian bilioi bat dolar inbertitu direla; estimatu da hemendik 20 bat urtea haragiaren %35 laborategietan elaboratukoko dela eta “haragiaren” %25 begetarianoen ordezkapen jakietatik etorriko dela.

Hanburgesak sortzeko osagai begetalak erabiltzen dituzten Beyond Meat, Impossible Foods eta Just Foods bezalako enpresak azkar batean ari dira hazten. A. T. Kearney-k estimatu duenez produktu begano hauetan mila milioi dolar inbertitu dira eta inbertsio horietako asko ohiko haragiaren merkatua dominatzen duten enpresetatik etorri dira. Beyond Meat enpresa adibidez, maiatzean lehenengoz burtsara atera zen eta 240 milioi dolar bildu zituen. Ordutik bere akzioak bikoizten doaz etengabe.

Horrez gain, oraindik merkatuan ez badaude ere, ekintzaile berri ugari ari dira animalien zeluletatik abiatuz laborategietan haragia sortzeko proiektuetara batzen. Honela, A. T. Kearney-ren txostenak dionez, animaliak hazi eta ondoren hil gabe haragia denon eskura egotea ahalbidetuko luke.

Ukaezina da begetariano eta begano bizitza estiloetara geroz eta jende gehiago ari dela batzen, kontsumitzaileak gero eta kontzienteagoak baitira ingurugiroaz eta animalien ongizateaz. Halere, haragizaleak lasai egon daitezke, dirudienez irtenbide hauekin dieta aldatu gabe haragiaz gozatzen jarraitu ahal izango dute ingurugiroa eta animaliak kaltetu gabe. Hori bai, haragia itxura izan arren, ez den jaki horri haragi deitzen jarraitu behar ote genuke?