2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da hurrengo Euskaraldia

Hizkuntza ohituretan eragiten jarraitu nahi dute, "ariketa eraginkorra delako eta aldaketak ekartzen dituelako"

Euskaraldiaren laugarren edizioaren prestaketa lanetan ari dira eta iragarri dute hurrengoa noiz izango den: 2025eko maiatzaren 15etik 25era. Hiru edizio egin ondotik, balorazioak, ebaluazioak eta aurrera begirako erabakiak hartzeko denbora-tartea hartu dute. Egindako ikerketen emaitzek eta parte-hartzaile zein entitateek egindako ekarpenek "euskaraldia eraginkorra dela, eta aldaketak ekartzen dituela" erakusten dutela azaldu dute.

Hain zuzen ere, eraginkortasunean sakontzeko asmoz aldatu dute ariketa udaberri garaira. Izan ere, "urte sasoi horretan kaleetan jende gehiago ibili ohi da eta bizitasun sozial handiagoa izaten da kalean": “Euskaraldia ariketa soziala den heinean, jendearen arteko interakzioa beharrezkoa da, eta eguraldiak eta aldarteak laguntzen du horretan”. Gainera, txaparen erabileran eta ikusgarritasunean eragitea lortu nahi dute antolatzaileek, euskaraz hitz egiteko edo entzuteko jarrera erakutsiz estres linguistikoa nabarmen murrizten duelako, eta "udaberrian txapa soinean eraman eta ikusgarri egitea errazagoa izango da ziurrenik". Bestetik, Korrikarekin txandakatzea ere izan dute gogoan, euskararen aldeko lasterketa 2024an izango baita. 

Laugarren edizioak hamaika eguneko iraupena izango du. “Hamaika egun izateak ariketa modu eraginkorragoan egitea ahalbideratuko duela uste dugu, sakonago egiteko aukera emango duela. Bi asteburu hartuko ditu, eta horrek herrietan mugimendua sortzeko aukera emango du”, adierazi du Goiatz Urkijok, Euskaraldiko koordinatzaileak.

Ariketa "eraginkorra" 
Hirugarren edizioaren ikerketen datuek erakutsi dutenez, parte-hartzaileen artean euskaraz zekitenekin une oro euskaraz egiten zutenak %63,9 ziren ariketaren aurretik, eta %78,9 ariketa amaitu ondoren; ariketan zehar proportzioa % 85,9ra iritsi zen. Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak nabarmendu duenez, "euskararen erabilera altuagoa da Euskaraldian parte hartu ondoren, aurretik baino. Euskaraldi bakoitzean euskararen erabileran irabaziak eta lorpen praktikoak erdietsi dira. Hori dela-eta, Euskaraldi gehiago egitea beharrezkoa dela iruditzen zaigu, eta euskararen biziberritze-prozesuarentzat guztiz lagungarria da ariketa”.

Lehen hitza euskaraz egin ohi zutenak %55,8 ziren ariketa aurretik, eta % 75,9 ondoren; elkarrizketa elebidunetan euskarari eusten ziotenak, berriz, % 44,6 ziren aurretik eta % 76,6 ondoren. “Datuek erakusten dutenez, nabarmen emendatu da ohitura hauek barneratu eta praktikara daramatzaten hiztunen kopurua”, azpimarratu du Iciarrek.