2024ko Arabako Bertso Txapelketarako izen-ematea zabaldu dute
Udazkenean jokatuko dira kanporaketak eta urtarrilean hasiko da txapelketa.
Bi urtean behin jokatzen da Arabako Bertsolari Txapelketa eta hurrengoa datorren urtean, 2024an, izango da. Urtarrilean aurkeztuko dute eta martxoaren 16ra bitarte gauzatuko da. Aurrez, udazkenean, txapelketara sailkatzeko kanporaketak egingo dira.
2022ko sei finalistak zuzenean sailkatuko dira urtarrilean hasiko den txapelketarako, izena ematen badute behintzat. Honako hauek izan ziren azken txapelketako finalistak: Manex Agirre, Oihane Perea, Peru Abarrategi, Iñaki Viñaspre, Xabi Igoa eta Paula Amilburu. Oihane Pereak 2022ako azken txapelketa izango zuela iragarri zuen bere garaian.
2022ko edizioko finalera sailkatu ez ziren bertsolari guztiek kanporaketetan kantatu beharko dute. Kanporaketak urriaren erdialdetik azaroaren erdialdera bitartean izango dira, eta izen-emate kopuruaren arabera antolatuko dira saioak.
Txapelketan izena emateko epea uztailaren 9ra arte egongo da zabalik, araba.sustapena@bertsozale.eus helbidera idatzita edota 675 707 971 telefonora mezu bat bidalita.