2021eko 25 filmik onenak
Urteko azken egunera iritsi gara, eta honekin batera urteko azken zerrendara. 2021eko film esanguratsuenak zeintzuk iruditu zaizkidan jakin nahi duzu?
25-‘El Buen patron’
Fernando León de Aranoa
Javier Bardem-en lan ikaragarria buru dela, enpresa baten giza harremanak eta miseriak azaleratzen dituen erritmo biziko satira. Komedia beltz adimentsu baten aurrean gaude, non zuzendariak maisuki nahasten dituen enpresako patroiaren inguruko hainbat istorio, hala nola, prekarietatea, boterea, handinahia, hipokrisia edota moral bikoitza. Dibertigarria, distiratsua eta oso gomendagarria, bizi garen ongizatearen gizarte honen satira gisa funtzionatzen duena, non balantzak, ia beti, alde berera jotzen duen.
24- ‘Don't Look Up’
Adam McKay (Netflix)
Askoz hobea izan zitekeen, baina zeinen gustura ikusi dudan Adam McKay zinegilearen lan berria. Kate Dibiasky (Jennifer Lawrence) Astronomiako graduondoko ikasleak eta bere irakasle Randall Mindy doktoreak (Leonardo DiCaprio) aurkikuntza harrigarri bezain beldurgarria egin berri dute: kometa erraldoi batek Lurrarekin talka egiteko norabide zuzena darama. Arazoa zein da? Albistea AEB-tako presidenteari eta medioei zabaldu ostean, ia inori ez zaiola axola. Katek eta Randallek bira mediatiko bati ekin diote arrisku honen berria mundu osora zabaltzeko.
Filma irregularra denik ezin ukatu; gidoian ahultasunak dituelako, erdialdean eta amaieran ezabatuko nituzkeen hainbat minutu dituelako eta pertsonaia jakin batzuetan kontraesanak antzeman ditudalako, baina hori guztia alde batera utziz, ikustea merezi duen filma iruditu zait ,oso entretenigarria, dibertigarria eta eztabaidarako uneak sortuko dituena, batez ere egun bizitzen ari garenarekin antzekotasun ugari dauzkalako. Zientziarekin dugun harremanaren kritika sendoa da, benetan honengan konfiantza osoa izan behar dugunean nola erreakzionatzen dugun erakusten duena. Film anti-negazionista dela esango nuke , egoera larrienetan loratzen den giza miseriarik handiena erakusten duena.
23-‘Spencer’
Pablo Larraín
Honakoa ez da Lady Di, Galesko printzesari buruzko biopic tradizional bat, hasteko zuzendaria Pablo Larrain txileta delako, eta bere estiloa ezagututa hori pentsaezina litzatekeelako, eta bigarren pasarte oso konkretu bat soilik azaltzen duen filma delako: gabonetan Sandringhameko etxaldean semeekin izateko atsedenaldi zoragarria izan beharko lukeena nahi gabeko betebeharren segida bihurtuko zen asteburuan zentratzen da soilik. Charles printzea Camilla Parker-Bowlesekin elkartuko da, eta ez du harreman hori ezkutatuko; horregatik, Dianak ez du paparazzien aurrean emazte maite eta leialaren papera egin beste erremediorik izango. Paparazziek leku guztietara jarraituko diote. Onartuko al du bere rola edo, aitzitik, matxinatu egingo da?
Larrainek, Jacki filmean erabili zuen eszenaratzeari jarraikortasuna ematen dion arren, hemen pauso bat aurrerago doala uste dut. Zinta honetan, berriz ere, pertsonaiaren bizi-espazioa ia urratzen duten plano labur horietara itzultzen delako, baina zehaztasun eta eraginkortasun handiagoarekin burutzen du oraingoan. Begiraden, aurpegi-adierazpenen eta esaten denarekin (eta batez ere isiltzen denarekin) jolasean aritzen da uneoro. Pertsonak tratatzeko modu protokolario eta hotz hori, edozein herrialdeetako errege-familien ezaugarri dena, pantailan ikusten dugun plano bakoitzean agertzen da. Hoztasun hori pantaila zeharkatzen du.
22-‘Nowhere Special’
Uberto Pasolini
16 hilabeteko haurra daukagula kontuan izanik, negarrari ezin eutsi igaro ditut filmak irauten dituen 96 minutuak. Zergatik? Benetako istorio batean oinarritzen den film txiki baina eder honek kontatzen dena lazgarria delako, guraso garenontzat ikusteko bereziki gogorra. Johnek, 34 urteko leiho-garbitzaileak, bere bizitza eman du bere seme Michael hazten, lau urteko mutikoa, bere amak jaio eta berehala abandonatu zuena. Biek bizitza sinplea daramate, pitzadurarik gabeko maitasun harreman batean oinarritua. Zoritxarrez, Johnek hilabete batzuk besterik ez ditu aurretik, gaixotasuna terminal bat diagnostikatu baitiote. Familiarik ez duenez, geratzen zaizkion egunetan Michael adoptatuko duen familia berri bat bilatzen inbertitzea erabakitzen du. Filma modu sotilean egina dago, eta ikusleari familiaren egoera deskubritzen uzten dio metrajeak aurrera egin ahala. Gidoiaren meriturik handiena tratamenduan datza nire ustez: zuzendariak, alde medikoa eta, partzialki, gaixotasunaren hondamenak alde batera uzten baititu, ez du ikuslea malko errazean erortzerik nahi. Pertsona baten, kasu honetan aita baten, bizitzako azken asteak dira, eta helburua bakarra da: semeari bizitza berria bermatzea. Modu iraunkorrean dago guztia azaldua, era sotilean, esplikatiboegia izan gabe, , alde melodramatiko guztietatik ihes eginez eta hori eskertzekoa da oso, aita horren duintasuna azaleratuz. James Norton eta Daniel Lemont-en interpretazio zoragarriak iruditu zaizkit.
21- ‘Boiling Point’
Philip Barantini (Filmin)
Stephen Graham-en interpretazio lan bikaina buru dela, 92 minutu irauten dituen sekuentzia plano bakar batean grabaturiko film itogarria. Urteko gaurik jendetsuenean, Londresko modako jatetxeetako batean zentratua eta Andy Jones sukaldari-burua protagonista dela. Guztia suntsi lezakeen krisi pertsonal eta profesional baten aurrean ez erortzen saiatzen ari den arren, gauak aurrera egin ahala su motelean jarritako lapiko horren moduan, irakite-puntura iritsiko da guztia. Kameraren mugimendu etengabe baina sotilak, eta inongo plano mozketarik ez egoteak, sekulako larritasuna transmititzen dio ikusleari, hasieratik amaieraraino pantailari itsatsia geratuz.
20-‘Luca’
Enrico Casarosa (Disney+)
Ez nuke kokatuko Pixar estudioen film onenen zerrendan, Toy Story 3, Up edota Wall-e esaterako gaindiezinak direlako, baina zeinen polita, atsegina eta gozagarria iruditu zaidan film berri hau. Italiako Riviera itsasoaren ondoan dagoen herri eder batean girotzen da istorioa. Izozkiarekin, pastarekin eta scooter bidaia amaigabeekin uda ahaztezina bizi duen haur baten hazkundea kokatzen da tramaren erdigunean. Lucak abentura hauek bere lagunik onenarekin partekatzen ditu, baina dibertsio guztia, esango ez dudan sekretu handi batek mehatxatzen du. Samurtasunari eta nostalgiari eginiko omenaldi zoragarria iruditu zait, eta bereziki, norberak izan behar duen bezala sentitzeari eta haurtzarora eramaten gaituen leku berezi horri, herrian, hondartzan, mendian edota edonon igarotzen genituen betiko uda ahaztezin horiei.
19-‘Un monde’
Laura Wandel
Beti gogorra eta delikatua eskola-jazarpenaren edota bullying-aren gaia, baina ez beti Laura Wandel zinemagile belgikarrak bere lehen film luze txiki eta ederrean egin duen bezain emozio eta fintasunez tratatua. Bi anai-arreba txikiren ikuspuntutik, eskola-jazarpenari buruzko istorio urragarria burutu baitu, eta erakusten dituen gertakarien errealitateak ikaratzea lortzen duen harribitxi txiki oso berezian bilakatzen dute. Gidoi bikainari esker, eszenaratze sinple baina eraginkorragatik eta, batez ere, haurren interpretazio harrigarriagatik, bete-betean sartzen gaitu kontakizunean, eta jariatzen duen errealismo sentsazioa, beldurgarria izatera iristen da une batzuetan. Inozentzia eta krudelkeria elkarri eskua emanda, tristura eta beldurra, defendatu ezin izatearen frustrazioak, eztarrian korapiloa eragingo dizu.
18-‘Dune’
Denis Villeneuve
Enemy, Prisoners, Incendies edota Arrival filmekin liluratu ninduenetik, Denis Villeneuve nire zuzendari kuttunen artean dagoela esango nuke argi eta garbi. Bere filmografiaren barruan gainera, sci-fi-a ulertzeko, honi bide berriak irekitzeko eta hedatzeko gai den zinemagilea ere badela frogatu du, Blade Runner eta jarraian aipatuko dudan Dune filmei esker izan da hori.
Frank Herberten eleberria moldakaitz horietako bat zen. Agertokien konplexutasunak, egilearen iruditeria zabalak eta David Lynch eta Alejandro Jodorowsky egokitzen saiatu ziren garaian lortu ezin ziren baldintza teknikoek beti bildu dute Dune madarikazio-kutsu batean. Horrekin guztiarekin, Villeneuve-ek maila altuko filma burutu duela iruditzen zait, sekulako meritua duen lana. Zentzu eta une askotan gehiegizkoa dela pentsatu dut. Neurri batean, hala delako; plano, elementu, argiztapen edota soinu bakoitza, txikiena izanda ere guztiz orkestratuta baitago horrela izateko. Basamortuko harren hortzen perfekzio milimetrikotik hasi eta barruko dekoratu landuek ezkutatzen dituzten xehetasun adierazgarrienetaraino. Film handia da, erraldoia, gehiegizkoa, hitzaren zentzu osoan eta zentzu guztietan. Bisualki liluragarria, hipnotikoa, non gudu-eszena ikusgarriak eta erritmo geldoa konbinatzen dituen. Trabarik handiena, inongo momentutan iristen ez den amaierarako prestatzen gaituela hasieratik, estrukturalki guztiz konbentzitzen ez nauena. Dakizuen moduan kontakizunaren lehen zatia soilik delako film hau, eta horrek pertsonalki sentsazio gazi-gozoa utzi dit. Ezinbestekoa zinema areto edota ahalik eta pantailarik handienean ikustea.
17- ‘C'mon C'mon‘
Mike Mills
“Joaquin Phoenix” irakurtzea nahikoa izaten dut, film hori bi aldiz pentsatu gabe ikusteko. Une honetan mundu mailan dagoen aktorerik onenetarikoa iruditzen zait, eta hemen ere–enegarrenez- zergatia frogatzen du. Johnny (Joaquin Phoenix) bere iloba txikiarekin (Woody Norman) herrialdean zehar bidaiatzen ari den irrati-kazetaria da kontakizun honen protagonista. Ameriketako Estatu Batuetako hainbat hiritan zehar bidaiatuko dute, gazteei etorkizunaz duten pertzepzioari buruz elkarrizketatzeko.Film independentepea, txikia eta zuri beltzean errodatua. Belaunaldien arteko harremanei eta komunikazioa bi norabideetan nola ezarri behar den azaltzen duen istorio interesgarria eta oso hunkigarria.
16- ‘Retfærdighedens ryttere (Riders of Justice)’
Anders Thomas Jensen
Anders Thomas Jensen danimarkarraren lan berria. Umore beltzak gainezka egiten duen film honi esker, bizitzan gertatzen zaizkigun ezusteko edota kasualitateei buruz hausnartu ahal izan dut. Emaztea tren-istripu tragiko batean hiltzen denean, Markus, militarra, etxera itzuli beharko da Mathilde alabaren ondora. Badirudi, tren istripua, zorte txarraren ondorioa izan dela, Otto, matematikan aditua den tipo xelebrea, beraien bizitzan agertzen den arte; ziur baitago norbait dagoela honen guztiaren atzean, eta ez dela istripua izan. Ia thriller gisa hasten dela esan daiteke, errua eta galera gainditzeari buruzko dramara pasatzen da, -ustezko terapia psikologiko xelebreak barne-, eta umore beltza inongo momentutan galtzen ez duen akziozko filma izaten amaitzen du. Pertsonaiak zoragarriak iruditu zaizkit, eta emozioen eskaileran gora eta behera ibilarazten gaituzte une oro.
15-‘Annette’
Leos Carax (Filmin)
Oso argi daukat, hau irakurtzen ari zareten portzentaia oso altu bati ez zaizuela film hau gustatuko. Beherago irakurriko duzun Titane filmarekin gertatzen zaidan modura, ia ezinezkoa zait film deskribaezin honen mamia zuri azaltzea, baina Leos Carax ezagutzen baduzu ziurrenik badakizu zertaz ari naizen. Hamar urte igaro dira Holy Motors bikaina estreinatu zuenetik, eta film berri honi esker, Spike Lee buru zuen epaimahaiak hala erabakita, zuzendari onenaren merezitako Urrezko Palmorria jaso du aurten. Izan ere, filmak irauten dituen 140 minutetan, Caraxek magia egiten duela iruditzen zait, musika generoaren kanon tradizionala lehertuz eta berezko estilo moduko bat berrasmatuz, eszenaratze bikaina erabiliz eta batez eta aktoreen lan ikaragarriaz baliatuz, batez ere Adam Driver-ena. Zinegileak eszenaratze ausart batekin liluratzen gaitu lehen segundotik film ausarta, ikusgarria, hunkigarria eta batez ere bakarra sortzeko. Sailkaezina.
14-‘ The French Dispatch’
Wes Anderson
Aurkezpenik behar ez duen Wes Anderson zuzendari eta gidoilari ospetsuak, kazetaritza mundura gonbidatzen gaitu, hiru istorio bereziek zeharkatutako abentura harrigarri batean. Kazetaritzaren munduari maitasun gutuna, XX. mendeko fikziozko hiri frantses bateko egunkari estatubatuar baten erredakzioan girotua, elkarrekin lotutako hiru istoriorekin. Ez da bere filmografiako lanik onena, baina asko gozatu dudan filma izan da. Gainerako lanetan bezala, hemen ere bi parametrotan oinarritutako estetika bisuala erakusten du hasieratik, bere obran hain identifikagarriak direnak: doitasuna eta geometria. Horiek beren planoak egituratzen dituzte, milimetroan neurtutako ardatz zentral batetik abiatuta. Horiez gain, andersonek trikimailu berriak ere erakusten dizkigu, hala nola zuri-beltzaren arteko txandakatzea, aspect ratioa-rekin jolasa, denboraren joan-etorria irudikatzeko aktoreen arteko trantsizioak edo koadroen sorkuntza adibidez.
13-‘Help’
Marc Munden
COVID-19-aren garaian sortu diren ikus-entzunezkoen artean onenetarikoa zalantza izpirik gabe. Badirudi Sarahk bere bokazioa aurkitu duela Liverpooleko zahar-etxe batean lanean hasi delako. Bertan, talentu berezia du egoiliarrekin konektatzeko. Baina, ezustean, 2020ko martxoan, koronabirusaren pandemia iristen da eta guztia aldatuko du betiko. Bai gaiarengatik, eta baita bi protagonista nagusien antzezlan ikaragarriarengatik - Jodie Comer eta Stephen Graham-, film honek emozionalki guztiz birrinduta utzi nau. Gogorra da oso, gaia zein den ikusita ezin bestela izan, baina ikustea beharrezkoa den horietakoa iruditzen zait. Pandemiaren erruz -eta bereziki politikari eta arduradunen kudeaketa negargarria eta salagarriaren erruz-, lehen pertsonan sentitu eta sufrituko baituzu zahar-etxe eta era honetako zentroetan, bizi zuten, eta bizitzen ari diren guztia.
Kasu honetan, pandemiaren lehenengo olatuaren barnean kokatzen gaitu, desinformazioaren eta nahitaezko konfinamenduaren unean, lanak gainezka egiten dion erizain baten begietatik. Filmak panfletotik ihes egiten du hasieratik, eta istorioa den bezala deskribatzen digu; zentro horietako pertsonei gutxieneko arreta eskaintzeko baliabide faltak gainezka egiten dion langile horren ikuspuntutik. Bazterrean xehetasunik utzi gabe, kamera eskuan, ikusleok protagonistaren ondoan kokatzen gaituzte hasieratik, Jodie Comer izugarri baten alboan, eta hortik aurrera…
12-‘The Mitchells vs. the Machines’
Sartu irabiagailu batean: The Incredibles, Gremlins, Cornetto trilogia, Bob's Burgers eta Kill Bill filmeen esentzia apur bat. Irabiatu horri, gehitu orain animazio lan txundigarria, memeen kulturari buruzko parodia, emoji zaparrada, sticker-ak, instagrameko filtroak, robotak, teknologia berrien erabilpen okerrak gugan izan ditzakeen ondorio larriak, sare sozialetako itxurakeria, pertsonen arteko inkomunikazioa, umore ASKO eta abentura dosiak. Emaitza Netflixen ikusgai daukazun The Mitchells vs. the Machines animaziozko lan zoragarria. Osagarri horiekin guztiekin, energiak gainezka egiten duen film aparta osatzea lortu dute. Argiak, robotak, autoak, eztandak, laser-tiroak, jendea oihuka, txiste bisualak, pop kulturako erreferentziak, pertsonaia inperfektu zein erakargarriak eta etengabeko entretenimendua eragiten duten elementu ugari topatu daitezke film osoan zehar. Guztia dinamismoz eta azkartasunez inplementatuta, akzioa, zientzia fikzioa, komedia eta coming-of-age - protagonistaren hazkunde psikologikoa eta morala ardatz duen genero literario eta zinematografikoa- maisuki uztartuz. Mendekotasun teknologikoari buruzko kritika zorrotza ere aurkituko duzu, eta zeinen arriskutsua den korporazio erraldoiei gure datu pertsonalak kontrolatzen uztea.
Pelikula dibertigarri da, oso. Gutxitan egiten dut barre film bat bakarrik ikusten dudanean eta honekin hala egin dut. Aurkezten duten errealitate horren aurrean txantxetan ari diren zenbait eszena ikustean barrea sortzen dutelako noski, baina batez ere txisteen ondoren kritika on bati heltzen diotelako etengabe. Talka horrek eragiten du barrea, bi ideia eta irudi kontrajarri erakusten dituztenean. Mugikorrena edo ordenagailuena mendekotasun handiko mundua bihurtu dela erakusten dute, eta baita pertsonek sareetan izan dezaketen eragina, baina tartean eszena dibertigarriak txertatzen dituzten bitartean. Pantaila baten aurrean hipnotizatuta bizi beharrean, familiaren eta maite ditugunei aurrez aurre begiratu eta uneak gozatu eta aprobetxatzearen aldarri irmoa ere egiten duen filma dela ohartuko zara, beti ere umoreari muzin egin gabe.
Familia osoak elkarrekin ikusteko moduko animaziozko lan ez ohikoa – nahiz eta txikienek agian txiste eta erreferentzia guztiak ulertuko ez dituzten-, originala, freskoa, erritmo gupidagabekoa eta oso, oso dibertigarria. Zalantza izpirik gabe, 2021ak oparitu digun sorpresarik handienetakoa.
11-‘Doraibu mai kâ (Drive My Car)’
Ryûsuke Hamaguchi
Murakamiren kontakizun batean oinarrituta dago filma. Maisuki eraikitako pertsonaia batzuek trauma desberdinei aurre egin beharko diete, introspekzio-prozesu konplexu eta sakon bat egiteko. Ryûsuke Hamaguchik road movie moduko bat eraiki du –errepidean literalki, baina baita metaforikoki ere- maite dugun pertsona baten galerari buruzko igaroaldia nolakoa den erretratatzeko. Paregabea iruditu zait.
10-‘Petite maman’
Céline Sciamma
Egun, egile zinema ezin hobeto ordezkatzen duen zinemagilerik badago, hori Céline Sciamma frantziarra da zalantza izpirik gabe. Portrait de la jeune fille en feu izan liteke agian bere obrarik biribilena, baina Petite maman-ek ere txundituta utzi nau. Doluari buruzko fabula hunkigarri honekin umea nintzela sentitu dut berriro; adin horri lotutako abantaila eta muga guztiekin noski,trauma eta beldurrak barne. Zaila da azaltzea nola hain film txikia, sinplea eta apala izain daitekeen era berean hain berezia. Aurkikuntza handia izan da bi neskato ahizpena, Joséphine eta Gabrielle Sanz, Nelly eta Marion gorpuzten dituztenak, kontakizun osoan zehar naturaltasun harrigarriz mugitzen direnak, Parisetik gertu dagoen Vexin eskualdeko parke naturaleko baso horretan.
9-‘Quo Vadis, Aida?’
Jasmila Zbanic (Filmin)
Bosniarentzat eta oro har munduarentzat oso mingarria den iragan historiko baten erretratu gogorra. Bosnia, 1995eko uztaila. Aida protagonistak Nazio Batuen Erakunderako itzultzaile gisa lan egiten du Srebrenica herri txikian. Serbiako armadak herria okupatzen duenean, bere familia NBEren zelaietan babesa bilatuko duen milaka pertsonen artean egongo da. Negoziazioetan parte hartzen duenez, Aidak informazio garrantzitsua eskura dezake. Jasmina Zbanic zuzendaria 1995ean herrialde horretan gertatutako benetako gertakarian oinarritu da. Zinta mingarria da, baina interes historiko handikoa. Filmaren lorpen handienetako bat herritarren zati batek une horretan bizi izan zuen ziurgabetasun eta amorru horren irudikapena da, xehetasun ordainezinak eskainiz. Aidaren begietatik, Jasna Djuricic-ek maisuki interpretatua, ikuslea gertaera beldurgarri horretan barneratzen doa, drama gehiegizkoan edota malko errazeko draman erori gabe. Ezinbestekoa!
8-‘Titane’
Julia Ducournau
Film urratzailea, ausarta eta groteskoa. EZINEZKOA da film honek transmititzen duen guztia –onerako zein txarrerako- testu labur honen bidez zuri helaraztea, ezinezkoa. Axolagabe uzten ez duten muturreko proposamenak maite badituzu hauxe da aukeratu behar duzuna. Egile zinemaren gogoetak ikuspegi feministatik berritzen dituen zinta iraultzailea iruditu zait niri. Alexiaren istorioa kontatzen du, txikitan istripu bat izan eta hainbat gertakariren ondoren etxetik ihes egin eta bere aurreko bizitza atzean uztea erabakitzen duen pertsonarena. Ez dut gehiago azalduko. Julia Ducournauk probokazioaren artea gainditzen duela soilik esango dut, gorputzak erdigunean kokatuz. Hipnotizatzen duten gorputzak, oinazez edo plazerez bihurritzen direnak, agonia etengabean dauden gorputzak. Gizarteak ezartzen dizkigun mugak gainditu eta hedatu nahi dituzten gorputzak dira.
7- ‘De uskyldige’
Eskil Vogt
Uda da eta Osloko auzo batean bizi diren haur batzuen istorioa da ikusiko duzuna. Eszenaratze minimalista erabiliz, eta efektismo tranpatiak erabili gabe, haurrak krudelak izateko naturaltasuna aztertzen du zehazki. Neurri batean, haurrei eta haurtzaroari buruzko istorioa dela esan daiteke -baina zer nolako haurrak!- Haur jolasen misterioa, magia eta batzuetan baita krudeltasuna ere, helduek begiratzen ez zutenean egiten genituen gauza horiek hain zuzen. Superbotereen, eta dohain horiekin esperimentatzen duten haur gaiztoen istorio honetan, Vogtek ume-jolas errugabeak oso arriskutsu bihur daitezkeela kontatzen digu. Sentitzekoa den film horietakoa da, Eskil Vogt norvegiarrak sekulako nortasuna duen ekoizpena sortu duelako, atmosfera oso berezia duena. Beldurrezko generoaren barruan sartuko nuke, baina alderdi psikologiaren eremuan mugitzen dena, une askotan Låt den rätte komma in (Let the Right One In) film bikaina gogorarazi dit adibidez. Milimetroraino zaindua dagoen soinu diseinu eta muntaia batetik abiatuta atmosfera deserosoak eraikitzen dakiela frogatu du.
6-‘The Power of dog’
Jane Campion (Netflix)
Thomas Savageren eleberriaren Jane Campionen egokitzapen bikaina da honakoa. Erritmo pausatuko filma da, ez geldoa, une oro ekintzak aurrera egiten baitu, eta istorioaren bilakaerari buruzko datu garrantzitsuak ematen dizkigulako uneoro. Montana, 1925. Phil (B.Cumberbatch) eta George Burbank (J.Plemons) txanpon beraren bi aldeak direla esan daiteke. George atsegina den bitartean, Phil oldartsua eta krudela da. George herriko alargun batekin ezkontzen denean, Rose (K.Dunst), Phil bere koinata berria mesprezatzen hasten da, bere seme Petere-kin (Smit-McPhee) arrantxoan bizitzen jartzen dena. Istorio gogorra, cowboy-en bizitza bezalakoa, adiskidetasunak eta gaizki ulertutako maskulinitateak berebiziko garrantzia hartuko dutelarik. Maskulinitate toxikoaren kontzeptua asko gustatzen zait nola tratatzen den, bere neurrian zehatzean azaltzen dela uste baitut, esplikatiboa izan gabe, eta filmean gertatzen den guztiaren funtsa delako. Westernetako mito maskulino zaharkitu hori deseraikitzen laguntzen du.
Campionek maisuki filmatu du zinta osoa, paisaia ederrak erakutsiz eta Ari Wegnerren argazkilaritza lan ikaragarria nabarmenduz. Interpretazioaren alorra ere ikaragarria iruditu zait, antzezle guztiena, baina bereziki Benedict Cumberbatch; mundu mailako onenetarikoa zergatik den frogatzen baitu beste behin.
5-‘È stata la mano di Dio’
Paolo Sorrentino (Netflix)
Paolo Sorrentino gidoilari eta zuzendari entzutetsuak gazte baten istorioa aurkezten du, Fabietto Schisa (Filippo Scotti), 80ko hamarkadako Napoli nahasian. Bi gertaera konkretuk gaztearen etorkizuna aldatu eta nerabezarotik heldutasunerako jauzia markatuko dute: Maradona futbol jokalariaren etorrera Napoliko futbol taldeak fitxatu duelako, eta familian gertatuko den ezbehar bat. Bere aurreko filmekin alderatuz, muturreko estetika alde batera utzi eta oraingo honetan naturalismoa gailentzen da, gerraosteko italiar zinemaren oso antzekoa, Ettore Scola Fellini, Tornatore, Bertolucci edo De Sica datozkit burura adibidez. Bide horretatik, filmaren klimaxera, sotiltasunez eta sentikortasunez eramatea lortzen du. Eskerrik asko Sorrentino jauna Amarcord zoragarri hau egitean, sortu dituzun pertsonaia berdingabe horiek ezagutzeaz gain, 80ko hamarkadako Napolira eraman nauzulako. È stata la mano di Dio filmaren barruan bizi nahiko nuke.
4-‘Espíritu sagrado’
Chema García Ibarra
Gora garunean iltzaturik geratzen diren proposamen ausartak. Oraindik ez dakit oso ongi zer ikusi dudan, baina martzianada-sailkaezin-tragiko-dibertigarri-zoragarri hau 2021ean ikusi dudan espainiar filmik onena dela oso argi daukat. Chema García Ibarra-ren lehen film luze honetan apur bat gehiago sakondu aurretik, atzean dagoen euskal presentzia aipatu nahiko nuke, hauek ere ezinbesteko piezak baitira engranaje berezi honetan; lehena Leire Apellaniz ekoizle bilbotarra. Zinemaren munduan ekoizle gisa – 2016an, gainera, zuzendari lanetan ere aritu zen El último Verano zuzentzen- urte askotako eskarmentua duen emakumea izanik, proiektu bereziak “altxatzeko” gaitasuna duela frogatu du. Esango nuke, hein handi batean, berari esker iritsi direla urrunago adibidez, ekoitzi dituen Las letras de Jordi, Ventajas de viajar en tren edota Mudar la piel. Ezinbesteko pertsona proposamen ausart eta desberdinei bultzada eta indarra ematen. Eta bigarren Ion De Sosa argazki zuzendari donostiarraren lan bikaina, tonu estralurtar horrekin bat doan eta filmak uneoro jariatzen duen estetika berdingabe horren erantzule gisa.
Chema García Ibarra zuzendariak ordea, bere ildo estilistikoan jarraitzen du, genero desberdinak uztartuz, ezezagunak diren aktoreak –ala ez aktoreak- erabiliz eta uneoro paranormala eta errealitatea nahasten, beti ere egunerokotasun kutsua galdu gabe. Sentsazio arrotzak sortzea lortzen du beste ditu ikuslearengan, baita deserosoak ere. Sentimendu kontrajarrien jokoan sartzen gaitu hasieratik, dibertigarria baita, baina ez da komedia bat, oso iluna delako. Espiritu Sagrado neskato baten desagerpenarekin abiatzen da, Vane izenekoa, eta hortik aurrera osagarririk arraroenak sartuko dira jokoan. OVNI Levante elkarte ufologikoaren buruzagiaren heriotza ustekabea adibidez, haren jarraitzaile leialetako bat, Jose Manuel, neskatoaren osaba baita, bere sinesmenen erruz mentalki guztiz isolatuta dagoen tipo bat.
3- ‘The Last duel’
Ridley Scott (Disney +)
Matt Damon, Adam Driver eta bereziki Jodie Comer-en interpretazio lan bikainak helduleku gisa erabiliz, Ridley Scott (Alien, Gladiator, Thelma & Louise, Blade Runner…) zuzendari ezagunak azken urteetan egin duen filmik onena gauzatzea lortu du. Ikuslearen bihotzeraino iristen den zauri ireki bat bezala deskribatuko nuke, non istorio baten egiazkotasuna eta hainbat pertsonak gertaera berberak modu oso ezberdinean kontatzen dituztenean gertatzen diren inplikazio, ezberdintasun eta ñabardurak azaleratzen dituen. Egiazkotasun hori, bereziki, ikuspegi misogino eta matxista baten menpe dagoenean. “Historiako lehen #Me Too kasua, ezpataz konpondu zena” irakurri dut sarean eta guztiz bat nator esaldi horrekin. Frantzian girotua 1386. urtean. Izenburuari erreferentzia egiten dion “azken duelua” abiapuntutzat hartuz - Jean de Carrouges (Matt Damon) eta Jacques LeGrise-en artekoa (Adam Driver)- hiru flashback luze erabiliz eraikita dago gidoi nagusia. Hiru flashback, kontakizun beraren hiru ikuspuntu desberdin. Metxa piztuko duen sua ordea gertaera jakin bat izango da: ustez Jacques LeGris-ek (Adam Driver) Marguerite de Carrouges (Jodie Comer) bortxatu duela.
Film epikoa iruditu zait, lantzen duen gai interesgarriaz gain, gudu eszena ikusgarriak eta basatiak dituelako. Gladiator gogorarazi dit une batzuetan, baina kasu honetan akzioa bigarren plano batera pasatzen da. Erdi aroko arau basatiek guztia baldintzatzen duten arren, gaurkotasun handia duen istorioa da honakoa, errespetuz tratatua, zintzoa eta oso inteligentea, beharrezkoa ere esango nuke. Kontatzen den gertaerari buruz gogoeta sakona eragingo dizuna.
2-‘The Card Counter’
Paul Schrader
Paul Schrader gidoilari eta zuzendariaren lan berriak txundituta utzi nau. Protagonista nagusia, William Tell (Oscar Isaac), militar ohia eta poker jokalari profesionala da. Bere bizitza aztoratu egiten da Cirk izeneko mutil bat hurbiltzen zaionean, koronel militar baten aurkako mendeku plana gauzatzeko laguntza bila dabilen gaztea. Schraderrek gogortasunez eta lehortasunez kontatzen du istorioa, estetika menderatzailea, erritmo geldoa eta interpretazio bikainetan eutsiz, Oscar Isaac-ena bereziki. Bere filmografian ohikoa den moduan, Schraderrek bere egile-obsesioak islatzen ditu pantailan beste behin, eta horrek Robert De Niro protagonista duen film ezagunarekin bat egiten duten elementu ugari dakartza burura –bera gidoilaria den Taxi Driver-, berriz ere pertsona bakarti bat hartzen baitu protagonista, iraganean ikusi eta bizi duen indarkeriak traumatizatuta. Bikaina!
1-‘Mass’
Fran Kranz
Ez irakurri ezertxo ere ez filmari buruz mesedez. Behintzat, istorioaren korapilo nagusia azaltzen duen ezer. Esango ez dudan gertaera jakin baten ondorioz bizitzak suntsituta geratu eta urte batzuetara, bi guraso-bikotek modu pribatuan hitz egitea adostuko dute, bizitzan aurrera egiten saiatzeko. 110 minutu, gela bat –hasieran eta amaieran zertxobait gehiago baina ia ezer- eta lau aktore. Besterik ikusiko ez duzun arren, hain elementu gutxirekin zinema nola egin daitekeen frogatzen duen pieza zinematografiko aparta iruditu zait. Sinpletasuna zein eraginkorra izan daitekeen erakusten duena, biribila eta zinema eskoletan jartzeko modukoa -zinemagile zein aktore izan nahi duenarentzat-. Errua, barkamena eta mina lau hormen artean eztanda egiten. Antzerki kutsua duen film honek gidoi biribila izateaz gain, aktoretzarren erakustaldia eskaintzen digulako, eta planoen zein kamera mugimenduen plangintza zorrotza. Ikusi nuenetik ez dut burutik kendu. Fran Kranz zuzendariaren lehen film luzeak zur eta lur utzi nau.
