2020ko (orain arteko) 10 telesailik onenak

2020ko (orain arteko) 10 telesailik onenak Ia zazpi hilabete igaro dira 2020. urteari hasiera eman genionetik eta pantaila txikiaren arloan geldialdi txiki bat egiteko ordua iritsi dela iruditzen zait. Atzera begiratu, ikusitako ekoizpen guztiak mahai gainean kokatu eta guztietatik gehien gustatu zaizkidanak nabarmendu. Hauek nire ustez 2020ko (orain arteko) telesail onenak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/2020ko-orain-arteko-10-telesail-onenak/@@download/image/Sin título-1.jpg
2020/07/03

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Ia zazpi hilabete igaro dira 2020. urteari hasiera eman genionetik eta pantaila txikiaren arloan geldialdi txiki bat egiteko ordua iritsi dela iruditzen zait. Atzera begiratu, ikusitako ekoizpen guztiak mahai gainean kokatu eta guztietatik gehien gustatu zaizkidanak nabarmendu. Hauek nire ustez 2020ko (orain arteko) telesail onenak
2020ko (orain arteko) 10 telesailik onenak

10- 'Little Fires Everywhere'

Amazon / 8 atal

Big Little Lies, 'The Affair edota Bloodline bezalako telesailak gustuko badituzu, hau da aukeratu behar duzun hurrengoa. Mendekotasun-sortzailea eta oso entretenigarria. Ohio inguruko auzo batean kokatzen da trama nagusia, eta istorioaren erdigunean bi emakume: Elena (Reese Witherspoon), arauak zorrotz jarraitzen dituen tokiko kazetaria eta Mia (Kerry Washington) alabarekin batera auzora iritsi berri den emakume misteriotsua. Azalduko ez ditudan hainbat gorabeherak tarteko, bi emakumeek talka egingo dute, haien seme-alabak lagun egiten diren bitartean. Begi bistara denak perfektua dirudienean, sarritan sumatzen duzu badela azpian beste zerbait. Istorio honek ere sinplea eta argia dirudi, baina pertsonaien begiradek, keinuek eta isiluneek ezkutuko sekretu eta orbainak deskubritzera  eramango zaituzte, geraezina izango den lehergailua eztandarazi arte.

9-'The Outsider'

HBO/ 10 Atal

Beldur eta misterio dosi apur batez hasiko zerrenda hau. 2020. urtean estreinatu den telesail honek ileak puntan jartzeko gaitasuna erakutsi baitu lehen segundotik.  Izen bereko Stephen King idazlearen eleberriaren moldaketa, 10 ataletan zehar, kasu aztoragarri eta sinestezin bat izango du ardatz. Esango nuke Stephen King-ek ez duela zorte gehiegirik izan pantaila txikiaren eremuan, zineman maisulanak bilakatu diren filmak egin diren arren, telesailen arloan moldaketa nahiko inozoak topatu baitaitezke.  Hanka sartzeko beldurrik gabe esango dut beraz, The Outsider telebistarako King-en inoizko eleberri-moldaketarik onena dela.

Kasu aztoragarria aipatu dut, eta zergatia galdetzen ariko zarete. Ralph Anderson detektibeak (Ben Mendelsohn) eta Holly Gibney-k (Cynthia Erivo), Frankie Peterson izeneko umearen hilketa basatia ikertzen hasiko dira. Lehen atalean, hilketa horren erantzulea nor den oso nabaria den arren, minutuak igaro ahala froga esplikaezinak eta ulergaitzak sartuko dira jokoan, Stepehen King-en munduan hain ezagunak egin diren naturaz gaindiko elementuak tartekatuz. Betiko thriller klasikoaren zantzuak dituen arren, True Detective telesailaren atmosferaz baliatzen da, nordic noir forma duen genero poliziakoaren eremuan murgilduz, beldurraren inguruko erradiografia paregabea eraikitzeko. Eskandinaviatik jaio den kontakizuna dirudi, baina It filma ekuazioren barruan sartuz. Bortitza, iluna, itogarria eta boteretsua. Amaiera apur bat kritikatu duten arren -neurri batean ados nago- osotasunean bikaina iruditu zait.

 

8- 'Quiz'

3 atal/ Irailetik aurrera Movistarren

Stephen Frears zuzendari entzutetsuaren telesail berria.  Charles Ingram britainiarraren istorioa kontatzen du Quiz telesailak. Iskanbila handia sortu zuen Who Wants to Be a Millionaire saio ezagunean ( 'Nork izan nahi du milioiduna?') milioi bat libera irabazteko tranpak egiten harrapatu baitzuten. Dibertigarria, entretenigarria, zorrotza eta hausnarketarako gonbita luzatzen duen miniserie paregabea iruditu zait. Plazer hutsa iruditzen zait benetako kasuetan arakatzen duten ekoizpen zainduak ikustea, ikusle bezala zalantzan jartzeko eta emozioen eta pertzepzio-joeren garrantzia mahai gainean kokatzeko. Succession telesail zoragarrian ikusitako Matthew Macfadyen aktorea da pertsonaia gorpuztearen arduraduna, eta hemen ere txalotzeko moduko interpretazioa eskaintzen duela iruditu zait. 

 

7- 'Stateless'

6 atal/Netflix (uztailaren 8tik aurrera)

Lau ezezagunen bizitzak Australiako basamortuan dagoen immigranteak atxilotzeko zentro batean gurutzatzen dira: sekta arriskutsu batetik ihes egin duen hegazkin konpainia bateko azafata bat; ihesean dabilen errefuxiatu afganiar bat eta bere familia, etorkizunik gabeko lan batetik aldendu nahi duen aita gazte bat eta eskandalu nazional bat ezkutatzeko denbora amaitzen ari zaion burokrata bat. Zentro horien kontraesanenetan zentratzen da telesaila eta hainbat ikuspegi erabili prozesu burokratikoen eta bidegabekerien erretratua ere egiten du. Mingarria eta gogorra iruditu zait une askotan.  Cate Blanchet aktorearen ideia batetik abiatuta garatu da telesail honen gidoia; akats burokratiko baten ondorioz etorkinak atxilotzeko zentro batean sartu zen australiar baten benetako istorioan oinarrituta, ekaitz politiko handia eragin zuena.

6- 'Tales from the Loop'

8 atal/Amazon

Hainbat gorabehera esplikaezinengandik astinduak izan ondoren, herrixka bateko bizitzari eta bertako biztanleen gaineko gogoeta originala eta geldoa da. Patxadaz gozatzeko telesail berezia. Gorrotatu ala maitatuko duzuna. Ez dizut gomendatzen egun gutxitan irenstea, apurka dastatzea baizik. Argazki zuzendaritza txundigarria, plano hipnotikoak, The Leftovers telesailaren Max Ritcher gogorarazten duen Philip Glassen soinu banda liluragarria, kontzeptualki ezin interesgarriagoa iruditu zaidan narratiba eta guztiz ulertu baino, sentitu beharko dituzun atal biribilak. Zientzia fikzioaren erremintak erabiliz, gizakien arteko loturez hausnartzen duen harribitxia.

 

5- 'Normal People'

12 atal / BBC / Hulu

2008ko finantza krisiaren ondorengo Irlandako herrixka batean girotua, Marianne (Daisy Edgar-Jones) eta Connell (Paul Mescal) dira kontakizun erromantiko-dramatiko `protagonista nagusiak. Coming-of-age generoa ardatz hartuz,sentikortasun handiz zuzenduriko 30 minutuko 12 atal. Hasieratik emozionalki sartzea lortzen baduzu, Marianne eta Connellen arteko maitasun istorio korapilatsuaren parte sentituko zara. Ederra bezain frustragarria. Sally Rooneyren eleberriaren moldaketa, The New York Times egunkariaren arabera millenial-en garaiko idazle handi bezala definitu dutena.

4- 'Når støvet har lagt sig'

10 atal/ Filmin

Eskandinaviako telebistan %42ko share ikusgarria lortu zuen telesaila, bertan fenomeno mediatiko bihurtuz. Fenomeno horren zergatia ulertzen dut, urteko telesail nordiko onena iruditu baitzait. Gurutzatzen diren istorioen egituraz baliatuz Kopenhage hiriko jatetxe batean gertatzen den atentatu terrorista basati baten gaineko kontakizun gordina da. Atentatu horrek Kopenhage hiria astindu ondoren, zortzi pertsonen bizitzak gurutzatu egiten direla ohartuko gara pixkanaka, jatorri eta lanbide ezberdinetakoak. Eraso hori gertatu eta hamar egun lehenago kokatzen da tramaren erpin bat, baina baita gertatzen den unean eta noski, ondoren ere. Interesgarriena, guztia ikuspegi soziologiko baten betaurrekoetatik begiratzeko aukera eskaintzen digula da, jakin gabe elkarrekin konektatuta daudela -edota egongo direla- eta beren bizitzaren inflexio-puntu gorenean nola erreakzionatzen duten jakin gabe.  Horrekin guztiarekin, telesail nordiko askok era paregabean egiten duten moduan, Danimarkako gizartearen erradiografia txiki bat ikusteko oso baliagarria iruditu zait. Pertsonaia sorta desberdin horiei esker, -Justizia ministroa, etxerik gabeko ama, jatetxeko jabea, zerbitzarietako bat eta bederatzi urteko alaba, iturgin bat, jatorri palestinarreko ile-apaintzaile bat, abeslari suediar bat eta mugikortasun arazo larriak dituen erretiratu bat dira- telesailak, milimetroraino aztertzen baitu daniar mikrokosmos hori.

3- 'Mrs. America'

HBO/ 7 atal

Phyllis Schlafly Estatu Batuetako gizonen eta emakumeen arteko lan, dibortzio eta jabetza arloko eskubide berdintasuna sustatzen zuen proiektuaren aurka azaldu zen politikari ultrakontserbadorea izan zen. Feminismoaren aurkako arerio amorratua, neurri batean emakumeen eskubideak geldiarazi zituena, horrekin guztiarekin gozatzen zuen bitartean. Ekoizpen paregabe hau, hein handi batean Cate Blanchett aktoreak maisuki gorpuztu duen Schlafly-ren paperari esker,  urteko telesail onenen zerrendara igoaraztea lortu du.  Oso telesail politikoa iruditu zait, botere-borroken eta borroka dialektikoen gainean eraikia dagoelako, eta historia aldatzeko gai diren iritzi-korronte bihurtzen diren narratibak nola idazten diren erakusten duelako. Nabarmentzekoa, protagonistek jaurtitzen dituzten mezuetatik harago, moral autoritarioaren gaitzespen hori ikusleari formaren bidez iristen zaiola da. Phyllisen eszenak gehienak, estetika eta ikuspegi zapaltzailea erabiliz, era kartesiar eta oso “akademikoan” errodatuak daude, bera beti planoaren erdian dagoelarik. Aldiz, eremu feministako eszenak kamera lurrunkorrago eta askeago batekin harrapatzen dira. Zuzendaritza lan paregabea eta gidoi biribila.

2- 'Devs'

HBO/ 8 atal

Lily eta Sergei bikotea dira, San Frantzisko hiriko kanpoaldean kokatua dagoen enpresa teknologikoan egiten duten lan, Amaya izenekoa. Enpresa misteriotsu horren barruan, Devs –amaieran DeUs ahoskatzen dela deskubrituko duzu– izeneko azpi-proiektu bat garatzen ari den talde bat dago, eta Sergei bertan erreklutatzen dute, proiektu sekretu horretan lan egiteko. Egun batean bera ez da etxera itzuliko, eta Lilyk, enpresak bere desagerpenaren inguruan ematen dion bertsio ofizialaren atzean beste zerbait ilunagoa dagoela uste du. Amayako fatxadaren atzean zer ezkutatzen den eta bere proiektu klandestinoen benetako helburua zein den ikertzen hasiko da, ondorio beldurgarri eta latzekin topo egiten duen arte. Desafiatzailea, intimoa, dotorea eta bisualki hipnotikoa delako. Urteko zientzia-fikziozko piezarik dotore eta pertsonalenetako bat izateaz gain, premisaz harago, telesaila abangoardiako teknologia ingurune batean girotutako konspirazio thriller bezala planteatua dago.

1- 'Gangs of London'

Sky Atlantic / 9 atal

Ahoko-babeslea eta ubelduren aurkako krema alboan dituzula ikusi beharko duzun akziozko thriller frenetikoa, zorabiagarria, gordina eta oso basatia. Peaky Blinders gustuko baduzu, baina erritmoa eta indarkeria hamarkoiztuz, Guy Ritchie-ren Lock & Stock edota Snatch-en zalea bazara baina umore dosia ekuaziotik ezabatuz edota mafia giroan kokaturiko filmak atsegin badituzu, hau da ikusi behar duzun hurrengo telesaila. Mafiak, gezurrak, kaleko bandak eta indarkeria oso basatia dira Londres hirian girotutako telesail honen osagarri nagusiak. Gareth Evans zinegileak  hain berezkoa duen estilo hori gaur egungo Londresera eraman du, gidoi bikain, erritmo ikaragarri eta soilik berak bakarrik planifikatzen dakizkien indarkeriaz eta zartadaz josiriko borroka koreografiatu-txundigarriak. 2020ko lehen zazpi hilabete hauetan ikusi dudan telesailik onena.