2020ak 1.500 milioi musuko jaurti ditu ozeanoetara

Itsas kutsaduran adituak direnek azaldu dutenez pandemiaren ondorioz gure itsaso eta ozeanoak inoiz baino gehiago kutsatzen ari gara.

Itsasoaren kontserbaziorako lanean ari den OceansAsia erakundeak kalkulatu duenez 2020an ozeanoek 1.560 milioi musuko jaso dituzte bere baitan. Honek esan nahi du 5.000 tona plastiko gehiago daudela orain gure itsaso eta ozeanoetan. Hondakin hauek 450 urte beharko dituzte desegiteko mikroplastiko txikietan. Esan beharrik ez dago, honek eragin negatiboa izango duela itsasoko bizitza basatian eta bere ekosisteman. 

Pase den urte honetan 52 mila milioi maskara ekoiztu dira. Modelo kirurgikoetako batek 3-4 gramo polipropileno eduki ditzake. Maskarak ez kutsatzeko babesak direnez, birziklatzeko zailak izan litezke, kutsatzeko arriskua gehitzen baita honela. Horietako askok gainera, ozeanoetan amaitzen dute hondakinen kudeaketa desegokiagatik edo gainezka daudelako. 

OceansAsia erakundeko zuzendari nagusiak, Phelps Bondaroff-ek, aipatu duenez 2020an ozeanoetan amaitutako musukoak icebergaren punta besterik ez dira izango: Urtero gure ozeanoetan sartzen den 8-12 milioi tona plastikoaren barruan musukoena frakzio txiki bat da. 

OceansAsia-ren arabera plastikoaren kutsadurak urtero 100.000 itsas ugaztun eta dortoka hiltzen ditu, milioi bat itsas hegazti eta milioitik gora arrain eta bestelako itsasoko bizidun. Arrantzaren sektoreari modu negatiboan eragiten dio, baita turismo industriari ere eta munduko ekonomian  ia 11.000 milioi euroko kostua du.

Hori dela eta erakunde honek, ahal den neurrian, berrerabili litezkeen maskarak erabiltzeko deia luzatu du, eta gobernuei mota honetako materialen ekoizpen egokia burutzeko politikak ezartzea.