“Oversharing”: zer da eta zer egin ondorio negatiboak murrizteko

Sare sozialetan nerabe eta gazteen informazio pertsonalaren gehiegizko esposizioak ondorio kaltegarriak ekarri liezaiekete etorkizunera begira. Fenomeno horri “oversharing” deitzen zaio.

Lagunekin argazkiak, egon garen azken festako kokapena, bideo pertsonalak, komentario politikoak... Interneten informazioa partekatzea ohiko praktika bilakatu da erabiltzaile askorentzat, bereziki gazteen artean.

Izan ere, Kaspersky ziberseguritateko laborategiak dituen datuen arabera 16-24 urte bitarteko gazteen %61ak partekatzen ditu bere datu pertsonalak sarean. Etorkizunean hirugarren pertsonek zein informazio erabili lezaketen jakin gabe gainera. Sarean informazio gehiegi eskegitzeari oversharing deitzen zaio eta praktika arriskutsua izan liteke nerabe eta gazteen artean.

Fenomeno honek kalteak eragiten ditu Internet erabiltzaileen artean: zenbat eta informazio gehiago partekatu, arrisku gehiago informazio horren erabilera gaiztoa egiteko. Nerabe eta gazteen kasuan gainera, epe luzerako ondorioak izan ditzakete, sare sozialetan partekatzen dutena eskuragarri egongo baita etorkizuneko banku eta enpresentzat. Euren profila ezabatuta ere litekeena da informazio hori online mantentzea: lagunen eta ezezagunen kontuetan edo kontu horrekin lotuta zeuden beste web guneetan.

Oversharing-ak sentibera izan daitekeen informazioaren bi aldaera ditu: datu pertsonalak alde batetik eta edukiak bestetik. Gure telefono zenbakia, etxeko edo eskolako helbidea bezalako informazioak hutsalak izan litezke, baina informazio hauen argitalpenak arriskuan jarri lezake norbanakoaren segurtasuna.

Bestalde, nerabe eta gazteek sortzen dituzten edukiak ere kontrolatu behar dira: azken festako argazki eta bideoak, profil publikoetako iruzkinak, bertxioketak, stories-ak... ondo zaindu behar dira, eta are gehiago eduki horietan politika edo erlijioari buruzko iritziak baldin badaude epe luzera euren bizitzetan eragina izan lezakete eta. Izan ere, enpresen %87k hautagaien sare sozialak errepasatzen dituzten lanpostu baterako kontratatu aurretik.

Zer egin oversharing-aren eragina murrizteko
Arriskua ez da etorkizunean bakarrik kokatzen, baita epe laburrera ere. Adibidez, joango garen ekitaldi baten kokapena partekatzean edo ateratzen ditugun argazkiek pistak eman lekizkieke gaizkileei. Horrela, jakin lezakete zein den etxean sartu eta lapurtzeko momentu perfektua gure oporraldietako argazki bat eskegitzearekin bakarrik.

Sare sozialetan edukiak segurtasunez partekatzeko arauak:
1. Inoiz ez partekatu zure telefono zenbakia.
Ez dakizu zein jarri litekeen zurekin harremanetan eta informazio gehiago eskuratu lezake zutaz modu honetara.
2. Ez partekatu zure kokapena. Sare sozial jakinen konfigurazioaren arabera informazio hori baliteke automatikoki partekatzea milaka pertsonekin, beraz, erabiltzen hasi aurretik kendu aukera horiek zure gustura konfiguratuz.
3. Ez partekatu zure planak. Ez da komeni momentu jakin batean non egongo zaren edo zeinekin bilduko zaren partekatzea, zeren ezezagun bati kaletik ez zenizkioke zure planak kontatuko, ezta?
4. Ez igo zu ez zarena erakusten duten argazkiak. Aipatu bezala lan elkarrizketa batetarako deitu aurretik ohikoa da zure enpresek zure sare sozialak bisitatzea eta ez da komeni zutaz ideia oker bat egitea.
5. Bizitza errealean egingo ez zenituzkeen komentarioak ez egin sareetan. Internetek guztiak erregistratzen du eta nerabezaroko komentario horiek eta egun partekatzen ez dituzunak lan ingurunean eta bizikidetzan oro har kalteak ekarri lekizkizuke.